
Irudian, Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako zinegotzia
Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako zinegotziak E-Berritzaile proiektua aurkeztu du gaur goizean, Irungo udaletxean emandako prentsaurrekoan. Horren arabera, ideia berritzaileak enpresa proiektu bihurtzen laguntzeko 45.000 euro bideratuko dira. Iniziatiba hau Irungo garapen ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko Irun Ekintzan itunaren barruan kokatzen da.
Azaldutakoaren arabera, ideia berritzaile baten bideragarritasuna aztertu ondoren, enpresa eratzeko aurrerapausoa emateko erabakia hartzen duten lagunei zuzenduta dago diru laguntza. Hala, enpresa bat eratzerakoan sortutako gastuak nolabait apaltzea da helburua. Horretarako, proiektu bakoitzak 3.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez. “Hasierako gastuei aurre egitea eta enpresak bere ibilbidea hasi aurretik bultzada bat ematea da diru laguntzaren helburu nagusia”, azaldu du Paezek.
Zentzu horretan, proiektu guztiak ez direla diruz lagunduko adierazi du zinegotziak. Izan ere, proiektu berritzaileak soilik lagunduko dituzte: produktu eta zerbitzuen eraberritzea eta hedapena bultzatzen duten proiektuak, edota antolakuntzan eta kudeaketan zein kualifikazio profesionalean aldaketak eragiten dituztenak.
Baldintzak
Egungo legeak ezarritako baldintzez gain, Irun Ekintzan ituneko kideek zenbait baldintza ere finkatu dituzte diru laguntza eskatu nahi duten lagunentzat. Hala, lehenengo eta behin, Bidasoa Bizirik-en aldeko iritzia jaso behar du proiektuak. Horrez gain, azken hamabi hilabeteetan antzeko proiekturik garatu ez duela erakutsi beharko du ekintzaileak. Bukatzeko, jarduera ekonomiko berriarekin noiz hasten den komunikatu beharko dio ekintzaileak udalari.
Halaber, zenbait irizpide kontuan hartuko dituztela adierazi du Paezek; hala nola, proiektua berritzailea izatea, internazionalizazioa bultzatzea edota beste enpresa batzuk eratzeko lagungarria izatea.
Ekintzaileentzako tailerra
Ildo beretik ‘Explora, aprende y emprende’ tailerra antolatu dute Bidasoa Bizirik-ek eta Irun Ekintzan-ek. Merkatua nola aztertu ikasteko aukera edukiko dute interesatuek. Ikasketak bukatzear dauden ikasleak, lana aktiboki bilatzen ari diren lagunak, zein interesa duten profesionalak parte har dezakete ikastaroan.
Horiek horrela, lau egun ezberdinetan garatuko dira eskolak: maiatzaren 27an, eta ekainaren 3an, 10ean eta 17an. Informazio gehiagorako
El Espazioren webgunera edo 943633160 telefonora jo dezakete interesatuek.