Pikoketa eta Berdintasun Kontseiluaren Film emanaldia
Pikoketa Oarsoaldeko Talde Errepublikanoak eta Berdintasun Kontseiluak indarrak batu dituzte errepublikako emakumeek egindako lana aitortzeko. Hala, datorren asteari begira, bi film emango dituzte helburu hori lortu asmoz.
Lehenengoa, asteartean, hilak 13, izango da:
Maestras de la República. Bertan, errepublikako maistrak dira protagonista: “Beraiek izan ziren errepublikaren printzipioak zabaldu eta irakatsi zituztenak, eraldaketa sozial eta kulturalaren sinbolo gisa”, adierazi dute antolatzaileek, era berean, emakumeen eskubideetan aurrerapausoak emateko protagonistak izan zirela gaineratu dute, eta baita eskubide sozialen bermatzaile ere, “herria ezjakintasunetik ateraz”.
Film hori Errenteria Hiria Kulturgunean emango dute, 18:00etatik aurrera. Hezkuntza arloan lan egin dutenengana edo lan egiten ari direnengana zuzendu dute batik bat deialdia. Ondoren, solasaldia izango da Estibaliz Gonzalez historialariarekin eta UGTko Irakaskuntza Federazioko ordezkari batekin.
Bigarrena, handik bi egunetara botako dute:
Debekatuta dago oroitzea. Kasu horretan, 18:00etan izango da ere, baina Niessen zinemetan. Errepublikaren aldeko leialtasuna emakume askok ordainarazi behar izan zutela gogorarazi dute antolatzaileek, eta hori islatzen dela film horretan. Saturrarango kartzelan kokatzen da. Bertan, Espainiako Estatu osotik etorritako 4.000 emakume pasatu ziren. 108 pertsona hil ziren. Ondorengo solasaldian parte hartuko du Txaber Larreategi dokumentalaren zuzendariak.
Txema Arenzana Pikoketako kideak adierazi duenez, historiari bakarrik ez dio keinu egin nahi ekintza horrek, eta gaurkotasun handiko gaia dela esan du. Gaur egun ere borroka garrantzitsuak badirela gaineratu du: abortua, berdintasuna, laikotasuna…
Ildo beretik mintzatu da Mari Carmen Santos Berdintasun Kontseiluko kidea, eta “Espainiako Gobernuak inposatu nahi duen atzerakada” jarri du adibidetzat. Era berean, errepublika garaia ezkutatzen ari dela ere adierazi du, eta hezkuntzaren garrantzia nabarmendu.
Historialariak, ikastetxeetan
Errepublika garaiko emakumeen papera nabarmentzeko bidean, bi historialari herriko ikastetxeetara bisitak egiten ari direla jakinarazi du Bittori Arrietak, eta kontseiluaren helburua hori errekuperatzea dela esan du.