Pasaia Garbiak atez atekoaen gaineko galdeketa eskatzen duen mozioa babestu du
Pasaitarren Eskubideak izenarekin, atez atekoaren gaineko galdeketa eskatzen duen mozio erregistratu zuen herritar talde batek orain dela aste batzuk udaletxean, eta orain, Pasaia Garbiak aipatu mozioa babesteko eskatu die udaleko alderdiei, “mozioak denon egunerokoari eragiten dion gai batean, eta Pasaian ika mika piztu duen aferan pasaitarrei hitza emateko baino ez duelako eskatzen”. Pasaian atez atekoaren kontrako 4. 247 sinadura bildu zituztela gogorarazi du Pasaia Garbia plataformak.
Bestalde, San Markoko Mankomunitateko aurrekontuen harira Bilduk egin duen salaketarekin kritiko agertu da plataforma: “Ahaztu egiten zaie Pasaian asko garela bosgarren edukiontziaren alde gaudenak, eta Bilduk inposatutako atez atekoa ordaindu behar dugunak. Ez ahaztu atez atekoarentzako dirua pasaitar guztion poltsikoetatik irteten dela, sistemaren alde edo kontra egon”.
“Kontzientziatzeko modurik eraginkorrena sentsibilizazioa da, eta inoiz ez inposizioa”, salatu du atez atekoaren kontrako plataformak. Honenbestez, bosgarren edukiontziaren defentsan lanean jarraituko duela adierazi du Pasaia Garbiak, eta bizilagunei atez atekoaren kontrako beren jarrerari eusteko eskatu diete, “balkoietan poltsak zintzilikatuta, ongi bereizitako hondakinak zintzilikarioen azpialdean jartzen, edo eta atez atekoaren kontra egiten diren manifestaldi eta gainontzeko iniziatibetan parte hartzen”.