
KREA azokaren aurkezpena
KREA Bidasoa eskualdeko ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta sorkuntzaren 6. ekitaldia aurkeztu dute gaur goizean Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko zuzendariak eta Juan Mari Altuna zuzendariordeak.
Dena kutxa-tuz leloa hautatu dute aurtengo ekitaldirako, norberaren proiektua kutxa batean sartzeaz gain, gainontzekoen ideiekin kutxa hori osatu daitekeela uste dutelako. Era horretan, Bidasoa eskualdeko eragileen artean sare bat osatzea helburu du azokak. Maiatzaren 21erako finkatu dute hitzordua, Ficoban.
Azoka abiatu zenetik “sektore zehatz batzuetara iritsi nahi genuela argi genuen” azaldu du Paez zuzendariak, eta modu horretan, “ekintzaileak, berritzaileak eta sortzaileak” bateratzeko eta elkar ezagutzeko topagunea sortu. Urteekin azoka hazi egin dela onartu du, eta krisia hasi zenetik langabeentzako edo beste apustu profesional bat egin nahi duten lagunentzako tresna garrantzitsua dela adierazi du.
Iaz 300 lagun erakarri zituen azokak eta aurten kopuru hori handitzea espero dute. Gainera, Hondarribiko eta Irungo herritarrek diseinatutako 10 proiektu berritzaile aurkeztuko dituzte bertan. Hala, goizean zehar lau gune ezberdinetan antolatu dute azoka eta beraz, aldi bereko jarduerak izango dira egun osoan zehar.
Ondokoa da Bidasoa Bizirik-ek proposatutako egitaraua:
- Deskonferentzia partizipatiboak KREAsortuz. Esperientziak partekatzeko gunea izango da, baina ohiko konferentzia formatutik aldenduko da.
- GettingContacts! Industrian eta konektatutako zerbitzuen berrikuntzarako eta nazioartekotzeko laguntza. Errendimendu handiko topalekua, non, aldez aurretik, parte hartzaile bakoitzak hamar bilerekin osatutako agenda pertsonal eta indibiduala jasoko du.
- Zure pieza diseinatu eta fabrikatu. 3D-n inprimatzeko maratoia. 3D-n inprimatzeko oinarrizko nozioak.
- Ekin berdeari Irunen. Irungo natur guneetan jarduerak garatzeko proposamenak eta ideiak bitzeko tailerra.
- EAT joerak: elikadura joera berriak, zure negoziorako aukera berriak. Datozen urteotan Europan izango diren 8 joera berriak azalduko dituzte.
- Murgil zaitez zure eguneroko bizitzan ekintzailetzara jauzi egiteko. Parte hartze tailerra izango da eta merkatuak eskainitako aukerak identifikatzen lagunduko du.
- Ekin Musha Shugyoc. Arte martzialen filosofiak zailtasunak gainditzeko emandako irizpideak ezagutzeko aukera.
- Zure proiektu profesionalerako low cost tresnak sarean. Interneteko debaldeko tresnak edo oso merkeak direnak ezagutzeko tailerra.
- Powered by PechaKutxa. Aurkezpenak pechakutxa formatuan ikasten egiteko aukera.
Zenbait jardueretan aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako
Bidasoa Bizirik-en webgunera edo 943 633 937 telefono zenbakira jo dezakete interesatuek.