Pasaiako Udala birgaitze integralaz hitz egiteko edozein mahaitan esertzeko prest egon da, dago eta egongo da"
EAJko legebiltzarkide Maribel Vaquerok Pasaiako badiaren biziberritzeari buruz egindako adierazpenei erantzunez egin ditu aipatu adierazpenak Pasaiako Udalak. “Egia da Pasaiako birgaitzearen inguruan zer esana izan dezaketen instituzioen arteko bi bilera egin direla, eta Pasaiako alkateak bertan parte hartu duela. Baina, bilera horiek Instituzioen Arteko Mahai gisa izendatzea gehiegi esatea dela deritzogu, mahai hori osatzeko gutxieneko baldintzak ere ez baitira betetzen”, kexatu da Udala.
“Mahaian parte hartuko duen erakunde bakoitzaren eskumenekiko errespetua, edo erabakiak hartzeko garian herritarren parte-hartzea hasieratik bermatzea” ezinbesteko baldintzak dira udalarentzat, eta horiek aurretik adostu behar direla iritzi dio Udalak.
Horrez gain, “Pasaiako biziberritzeak biziberritze sozioekonomikoa” izan behar duela defendatu du Udalak, “eta ez soilik portuko jarduerari bakarrik begiratuko dion biziberritzea”, gaineratu dute. “Pasaiako Udala ez dago prest, beste behin, horrelako foro batean parte hartzeko”, ohartarazi dute.
Izan ere, gogaituta dago aspalditik Udala Portuaren jarrerarekin. “Pasaiatarrak erraz jabetuko dira Pasaiako Portuaren jarreraz. Orain hasi behar omen dute La Herrerako zein zati ez duten behar aztertzen. Pasaitarrok aspaldi ikusi dugu zein den portuak La Herreran egiten duen erabilera; Portuak berak ere aspaldi esan zuen La Herrera iparraldea ez duela behar. Zeren zain daude, hortaz, lur eremu hori herriari itzultzeko?”, galdetu du Udalak. “Herri baten antolamendua herri horretako Udalaren eskumena dela” defendatu du Udalak, “eta ez beste inorena”, eta gogoratu dute herritarrek eta udalak aspaldi erabaki zutela kaiko Herreran zer nahi duten: “Herrera nolakoa izango den jada erabaki du Pasaiako Udalak, La Herrera Herrirak egindako proposamena bere eginez. Ez dago horren inguruan berriz ere hausnartzeko beharrik; proposamen hori aurrera eramateko garaia da”.
Pasaiako Udala “edozein mahaitan eseri eta hitz egiteko” prest dagoela esan dute, “betiere, jokoaren arauak erakunde bakoitzaren eskumenekiko errespetuan oinarritzen badira”.