Emankorrak izan dira oso Oarso Bidasoko trainerillentzat Gipuzkoako Trainerilla Liga, eta herrialdeko txapelketa. Bietan, Senior Mailan, emakumeetan Hibaika izan da nagusi, eta gizonetan, Hondarribia. Mutrikun egin dira asteburuan ligako (larunbatean egin zen) azken estropada eta Gipuzkoako Txapelketa (atzo). Horietan lortu dituzte emaitza horiek bi eskualdeetako ordezkariek.
Bai ligan zein txapelketan, Hibaikak eta San Juanek, emakumeetan, oso lehia estua izan dute. Hori ere Mutrikuko bi estropadetan antzeman da. Baina ligako bederatzigarren estropadan (larunbatean izan zen), abantaila handia atera zioten errenteriarrek azkenean hirugarren izan zen San Juani, eta bigarren izan zen Zumaiari; 17 eta 14 segundo, hurrenez hurren. Hortaz, garbi irabazi zuten ligako azken estropada, eta ikurrina eta urrezko domina etxera eraman zituzten errenteriarrek. Ligaren podiumean bigarrena izan da San Juan, eta hirugarrena, Orio. Gainera, ziaboga onenaren saria Hibaikako lemazain Aiala Uribelarreari eman zioten.
Igandeko txapelketan, ordea, tarte eskasagoa atera zion Hibaikak bigarren izan zen San Juani, lau segundo, baina txapela eramatea lortu zuten beltzek. Podiuma Zumaiak osatu zuen
Gizonetan, Hondarribia, goitik behera
Gizonetan, Hondarribia nagusi, oso nagusi izan da Senior Mailan, bai herrialdeko ligan, zein txapelketan. Igandeko txapelketari dagokionez, bigarren izan zen San Juani 6 segundo atera zizkioten berdeek, eta podiuma Oriok osatu zuen laugarren izan zen San Pedroren aurretik.
Ligan antzekoa egin du Hondarribiak. Azken estropada segundo bat baino gutxiagogatik San Juani irabazi arren —San Pedro laugarrena izan zen—, erregulartasunaren lehian jokoan izan diren bederatzi estropadetatik sei irabazi dituzte hondarribiarrek, eta garaipena, beraz, erraza izan da. Ia beti lehia estua izan dute San Juanekin, baina arrosek bitan bakarrik garaitu dituzte berdeak bederatzi estropada horietan.
Mutilen Gazte Mailan aipatzekoa izan da Hibaikak lortu duen hirugarren postua Gipuzkoako Ligan.
Gauzak horrela, horrela gelditu da herrialdeko palmaresa trainerilletan:
Gipuzkoako Trainerilla Liga
- Emakumeak, absolutuak. Txapelduna: Hibaika; bigarrena: San Juan; hirugarrena: Orio.
- Gizonak, absolutuak. Txapelduna: Hondarribia; bigarrena; San Juan; hirugarrena: Orio.
- Gizonak, gazteak. Txapelduna: Zarautz; bigarrena: Zumaia; hirugarrena: Hibaika.
Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa
- Emakumeak, absolutuak. Txapelduna: Hibaika; bigarrena: San Juan; hirugarrena: Zumaia.
- Gizonak, absolutuak. Txapelduna: Hondarribia; bigarrena; San Juan; hirugarrena: Orio.
- Gizonak, gazteak. Txapelduna: Orio; bigarrena: Zarautz; hirugarrena: Zumaia.