Futboleko haurren bigarren taldeak Partaidetzako Kopa irabazi du
Hondarribia Futbol Elkarteko Haur Txikien Mailako taldea —lehen urteko infantil mutilak—, Partaidetza Kopako txapeldun geratu da gaur goizean Errenteria-Oreretako Fanderian Martuteneren kontrako finala 0-2 irabazi eta gero. Ligako lehen fasean multzoko laugarrenak geratu ziren eta horrek igoera fasea jokatzetik kanpora utzi zuen taldea —multzo bakoitzeko lehen hirurak sailkatu ziren—.
Igoera faserako sailkatu ez ziren hamabi taldeek Kopa jokatu dute, bi multzotan banatuta. Hondarribia jaun eta jabe izan da bere multzoan, ligaxkako hamar partidak irabazita. Beste multzoan Martutene nagusitu da ozta-ozta, Elgoibarrekin 27 puntura berdindu eta gero. Gaur jokatu dute multzo bakoitzeko lehenen arteko finala, Oreretako Fanderian. Hondarribia 0-2 nagusitu da eta Kopa altxatzeko aukera izan dute berdeek.