Atzo batzarra deitu zuen Oiartzungo Udalak herritarrei azalpenak emateko iazko abenduan onartu zen udal barneko planaren gainean. 2013-2017 epealdirako lanabesa izango da, eta 2014ko kudeaketa plana egina dagoenez, hura aplikatzen ari dira jada. Planaren bosgarren plangintzaldia da. Udalean euskararen gaiarekin ardurak dituztenek eman zituzten azalpenak, teknikariek eta zinegotziak.
Planaren helburu nagusia da udalaren barruan zerbitzua euskaraz ematea, lanean euskaraz aritzea, eta kanpoko administrazio eta erakundeekin hartuemanak euskaraz izango direla bermatzea. Baina nabarmendu zutenez, jada ezarrita dauden irizpideak beteko balira, gisa honetako planik ez litzatekeela beharko.
Planaren barruan ekintza zehatzak proposatzen dira, herritarrei zeharka edo zuzenean eragiten dietenak, eta elkarteekin, komunikazioarekin, edo ekitaldiak egiteko baimenekin dute harremana.
Plana jada alderdi politikoei aurkeztu die udal gobernu taldeak. Udaleko sailetan ere aurkezten ari dira eta herritarrei atzo aurkeztu zieten Elorsoroko bilera gelan. Hizlariek nabarmendu zutenez, herritarrak giltzarria dira plan hori aurrera eramateko, eta haien laguntza eskatu zuten balizko hutsuneak antzeman, eta horiei konponbidea emateko.