Hondakinak gaika biltzeko sistemak dituzten, atez atekoa bezala ezagunagoak, udalerriek San Markoko Mankomunitateko presidente Denis Itxasori zuzendutako adierazpena egin dute. Hona, hitzez hitz, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Usurbil, Hernani eta Astigarragako udalek esandakoa:
“Maiatzaren 27an Denis Itxasok emandako prentsaurrekoan egin zituen salaketen aurrean, San Marko mankomunitateko Atez Ateko Bilketa egiten dugun sei udalerriok nahikoa dela esan nahi dugu.
Prentsaurreko horretan atez-ateko udalerriei bilketa selektiboari trabak jartzea leporatu zigun. Hau baino astakeria handiagorik ezin zuen esan. Gauza jakina eta frogatu da birziklatze tasa altuenak Usurbil, Oiartzun, Hernani, Astigarraga, Lezo eta Pasaiako udalerriek ematen dituztela, atez ateko bilketari esker. Izan ere, %70-80-ko birziklatze tasak lortzen ditugu herri hauetan, hau da, 2016an lortu beharreko helburua aise gaindituz.
Hau nahikoa ez balitz, zabortegietara gero eta errefus gutxiago isurtzen dugu, eta isurtzen dugun hura hondakin organikorik gabe isurtzen dugu, lixibatu, usain eta ingurumen arazoak sortarazten dituztenak.
Non dago arazoaren koska? Denis Itxasoren helburu bakarra Atez Ateko Bilketa sistemaren kontra jotzea da eta bere helburu hori lortu nahi du bilketa sistema hau egiten duten udalerriak ekonomikoki zigortuz.
Usurbil, Oiartzun, Hernani, Astigarraga, Lezo eta Pasaiako udalerriek hondakinen atez ateko bilketaren koste osoa ordaintzeaz gain, Denis Itxaso injustizi handia egiten ari da: Donostia, Lasarte, Errenteria eta Urnietako edukiontzien bidezko bilketa denon artean ordaintzera behartzen gaitu. Hau da, gure bilketa sistema osoa ordaintzeaz gain, gainerako udalerri horien edukiontziak ordaintzera behartzen gaitu. Eta hau ez da justua!
Orain San Marko Mankomunitatean edukiontzien bidezko bilketaren lizitazioa berritzeko prozesua abian jarri du. Eta lizitazio berri hau eman aurretik, atez ateko bilketa egiten dugun udalerriok esan dugu nahikoa dela. Urte batzuk igaro ditugu besteen edukiontziak ordaintzen eta ez gaude prest horrela jarraitzeko.
Urteetan zehar frogatu dugu edukiontzien bidezko bilketa ez dela gurea bezain eraginkorra. Edukiontzien bidez zaila da %30-40ko birziklatze tasetara heltzea. Baina, noski, udalbatza bakoitzak erabakitzen du zein motako bilketa nahi duen eta, beraz, zein birziklatze tasetara heldu nahi duen. Puntu honetaraino denok ados.
Arazoa da lizitazio berri horrek soilik mankomunitateko lau herriei emango diola zerbitzu, baina faktura sei herri txikiei ere pasako zaiela. Sei herri, %70etik gorako birziklatze tasekin, gure bilketa osoa ordaintzen dugunok eta beste lau herrien bilketa ez-horren-efizientea ordaintzera behartu nahi gaituztenak!!
Zergatik gertatzen da hau? Duela 10 urte, mankomunitateko hamar herriek bilketa sistema bat adostu zuten, edukiontzietan oinarritzen zena. Urteak pasa ahala, udal batzuk ohartu ziren bilketa sistema horrekin, borondatezkoa izaki, ez zela emaitza onik lortzen. Duela 5 urte, Usurbilek atez ateko bilketa sistema jarri zuen martxan, bi helbururekin: batetik sistema-aldatze hutsarekin, birziklatze tasa hirukoiztu zitekeela erakusteko eta bestetik errauste planta beharrezkoa ez zela frogatzeko.
Bete betean asmatu zuten. Hilabete batean birziklatzea %27tik %78ra pasa zen. Hau egin ahal izateko, Usurbilek Mankomunitatearekin hitzarmen bat sinatu zuen eta han adostu zuten
jasoko zuen zerbitzuaren arabera ordainduko zuela. Pixkanaka, mankomunitateko beste bost herrik atez ateko bilketa selektiboa jarri genuen martxan eta Mankomunitatearekin Usurbilek sinatu zuen hitzarmen berdina sinatu genuen.
Egiazki, ez da inoiz ordainketa justu bat eman, izan ere, denok ordaindu baitugu edukiontzien bidezko bilketa, atez ateko herriek gure bilketa ere ordaintzen genuen bitartean. Duela 10 urte esleitu zen kontratua bizirik zegoenez, denon artean jarraitu dugu ordaintzen lau udalerri horien kontenedore bidezko bilketa.
Orain kontratua amaitzear dagoen honetan, gauzak zuzentzea exijitzen dugu: Guk gure bilketa ordaintzen dugun moduan, kontenedore bidezko bilketa egiten dutenek berea ordain dezatela. Justizi kontua da”.
Usurbil, Oiartzun, Hernani, Astigarraga, Lezo eta Pasaiako udalerriak