
Atzo arratsaldeko manifestazioa
13:00etan hastekoak ziren deklaratzen atzo Guardia Zibilak atxilotu zituen bost oiartzuarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean, Pablo Ruz epailearen aurrean. 14:15ean ez ziren hasi oraindik ere deklaratzen. Auzitegira sartu baino lehen abokatuak egon dira atxilotuekin, eta “ongi” daudela esan diete horien zain dauden lagun eta senideei. Horrez gain, atzo Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera joan ziren sei oiartzuarretatik bost inputatuta daude, eta seigarrena lekuko gisa deitu zuten.
Xabier Iragorri (64 urte), Erramun Sagarzazu (49), Ramon Gaztelumendi (49) eta Joakin Izagirre (63) eta Itziar Iñarra (55) dira bostak. Lehen laurak 06:45 eta 07:15 artean atzeman zituzten, etxean edo etxetik irtetean, eta Iñarra 18:50ean, etxean. Donostiako Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten. Komunikatuta dauzkate, eta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dituzte, operazioa agindu duen Pablo Ruz epailearen aurrera. Beste sei lagunek, berriz, 16:30erako kuartelera deklaratzera joateko deia jaso zuten; 19:30ak aldera atera ziren. Bost inputatuta daude; bestea lekuko gisa deitu zuten.
Bien bitartean, atzo mobilizazio eguna izan zen Oiartzunen. Eguerdiko elkarretaratzea jendetsua izan zen, baita 19:00etatik udalbatzarra ere. 20:00etan manifestazioa egin zuten herriko kaleetatik, ehunka partaiderekin (bertakoa da argazkia).