
Ospitale Zaharrean egindako parte hartze tailerra
Bidasoaldeko Partaidetzazko Aurrekontuak izenpeko iniziatiba azken txanpan sartu da jada. Azken tailerra egingo dute bihar Irunen, eta momentura arte orotariko ekarpenak jaso dituztela adierazi dute Elhuyar Aholkularitza enpresako arduradunek. Orain, Anaka-Puiana, Urdanibia Berri, San Migel eta Pinudi-Antzarango bizilagunen proposamenak jasotzea besterik ez da falta.
Horiek horrela, momentura arte herritar ugarik parte hartu dute parte hartze tailerretan: 27 lagun Landetxa-Katean; 16 Belaskoenean; 5 lagun Toki Alaien; eta 13 Ospitale Zaharrean. Proposamen ugari jaso dituzte Elhuyarrekoek orain arte; hala nola, Landetxan topo eta tren geltokiak barruan hartuko lituzkeen geltoki intermodal bat eta auzorako kiroldegi bat; Behobiako errepideko semaforoak razionalizatzeko eta horiek autobus geltokietatik gertu jartzeko eskaria; berdintasun eta zibismoa alorretako planak; etxe zaharrak eraberritzeko diru laguntzak inguru horiek utzikerian erori ez daitezen; hiru udalerrientzako bidegorria; Hendaiako pasarela Behobiako zubi zaharraren bidez Iruneraino luzatzea…
Aholkulariek azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren arteko eskumenak ezberdintzea da herritarrek duten zailtasun nagusiak. Izan ere, atzo Ospitale Zaharrean egindako tailerrean herritar batek esandakoaren arabera, “Bidasoaldean bereziki administrazio publiko guztien eskumeneko azpiegitura ugari dago”. Horren adibide dira, besteak beste, aireportua (Aena), errepide ezberdinak (Aldundiarenak eta Hondarribiko zein Irungo udalenak); kosta eremuak (Espainiako gobernua)….
Orain, azken bilera soilik falta da. Anaka-Puiana, Urdanibia Berri, San Migel eta Pinudi-Antzarango bizilagunak bihar elkartuko dira Mondragon Unibertsitatearen campusean (Ducourau jauregia), 19:00etan. Eta horren ondotik, ekainaren 18an eskualdeko biltzarra egingo dute, Amaia KZn. Bertan 20 proposamen lehenetsi beharko dituzte herritarrek.