
Gaztelumendi-Antxon eta Irungo Atsegiñako ordezkariak
Alardeek San Martzial aldapa, Kale Nagusia, Foru Kalea eta Eskoleta karrika igarotzen duten bitartean bertan kokatutako tabernak ixtea agindu du aurten ere Irungo Udal Gobernuak. Orain arte debekua betetzea erabaki duten arren, aurten euren desadostasuna agerian utzi nahi dute: “2013an amore eman genuen, baina aurten ez dugu egingo eta gure eskubideak eta gure bezeroenak defendatuko ditugu”, esan du Angela Basabe Gaztelumendi-Antxon tabernako arduradunak.
Istiluak ekiditeko helburuarekin onartu zuen tokiko gobernuak udal ordenantza. Jose Antonio Santano alkatea “udalaren kudeatzaileak bide publikoan segurtasuna bermatzeko duen betebeharra enpresari umil batzuen esku” uztea leporatu diote.
Horiek horrela, ekainaren 10ean deitu du bilera udalak Kale Nagusiko, Foru Kaleko, San Martzial aldapako eta Eskoleta karrikako ostalariekin, debekuaren inguruan adostasuna bilatze aldera.
Irungo Atsegiñako Sergio Rodriguezek ere itxieraren aurkako jarrera argi utzi nahi izan du; baita Orrua tabernako Ivan Antolinek ere. Haren arabera, “tabernen barruko segurtasuna da guk bermatu behar duguna, ezin gaituzte kanpoan gertatzen denaren errudun egin”. Gainera, beti “kolaboratu” izan dutela argi utzi dute, baina herriko jaietan “lan gehien egiten dugun egunean, tabernak itxi behar izatea”, gehiegizkoa iruditzen zaie. Izan ere, auzoetan zehar eta Zabaltza plazan tabernek normaltasunez lan egiten dutela salatu dute.
Legeak babestuta
San Juan inguruko ostalarien aburuz Espainiako Konstituzioak 38. artikuluan eta beste hainbat xedapenetan araututakoaren aurka egiten ari da udala: “Irungo herritarrek lau urterako aukeratutako kudeatzaileak ezerezean utzi nahi ditu eskubide horiek”.
Hori dela-eta, bide publikoan segurtasuna bermatzeko betebeharra Ertzaintzarena eta Udaltzaingoarena dela, eta ez ostalariena adierazi dute. Gainera, erabakiaren aurka iaz ostalariek sartutako berraztertze-errekurtsoaren aurrean “isiltasuna” gorde izana leporatu diote alkateari: “Isiltasun hori ezin da errespetuzkoa kontsideratu”.
Horiek horrela, jaiak bizitzeko garaian bi sentsibilitate existitzen direla onartu dute ostalariek, eta horiek “errespetatu egin behar dira”, gaineratu dute. “Aspaldi ez dela larritasun handiko arazorik gertatzen, gertakari solteak izan dira eta baten bat gainera segurtasuna bermatzeko ardura dutenen eskutik eman da; gogora dezagun bestela Udaltzainburuak Aizkolarien eskuadra buruarekin izandako istilua; eta ostalariek ez zuten errurik izan”.