Berpizturen elikagai bankuan soilik 9 soja esne dituzte
Berpiztu gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) alarma egoera piztu du aste honetan. 2012. urtean hasi zen GKE elikagai banaketa egiten. Hasieran, 60 familien beharrei erantzuten zien, baina bi urte beranduago 450 familia baino gehiago dira, “2.000 bat herritar denera”, esan du Gabi Fojon kideak. Orain arazo larri batekin topo egin dute: bederatzi kartoi soja esne dituzte 450 familia horien artean banatzeko.
Asteartero egiten du banaketa GKEk eta aste honetan, ordubete pasata itxi behar izan zutela adierazi du Rosa Diaz de Otazu kideak: “Ez genuen janari gehiagorik eta oso gutxi banatu genuen erabiltzaile bakoitzaren artean. Datorren asteartean etorriko direnekin ere berdin ibiliko gara; agian makarroi paketeren bat izango dugu emateko”.
Egoera honen aurrean, umeekin oroitzea eskatu dute GKEko kideek: “Esnea, galletak, kakaoa, askaria… Oinarrizko elikagai guztiak faltan dituzte”, esan du Fojonek. Gainera, administrazio publikoen jarrera salatu du: “Beraientzat ez gara existitzen. Lokala eman ziguten bere garaian eta lixto”.
Mitoak hautsiz
Elikagai bankuetako erabiltzaileak etorkinak izan ohi direla gezurtatu dute Berpiztukoek. “Hori ez da egia, gehienak irundarrak dira” adierazi du Fojonek, «eta goera oso larrian daude gainera». Emandako datuen arabera “6.155 irundar egoera oso prekarioan bizi dira; Irungo biztanleriaren %10a alegia”, salatu du.
Hala, elikagai ez galkorrak emateko eskaria luzatu nahi izan dute herritarren artean; hala nola, arroza, makarroiak, kontserbak, eta batez ere, umeentzako jakiak eskatu dituzte. Ostiralean eta larunbatean Neton izango dira Berpiztukoak elikagaiak biltzen, eta datorren astean, Santiago Auzo Elkartearen egoitzan izango dira egunero, 17:00ak eta 19:00ak bitartean.