Markel Olano eta Xabier Iridoy Plaiaundin
Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko EAJren batzarkideak eta Xabier Iridoy Irungo EAJren udal taldeko bozeramaileak Plaiaundiko Parke Ekologikoa bisitatu dute gaur goizean. Bidasoako hiru udalerriak batu nahi dituen bidegorria eta oinezkoen bidearen proposamenaren harira burutu dute bisita.
Olanok azaldutakoaren arabera, aldundiak 2013. urteko likidazioa egin ondoren 66 milioi euroko soberakina izan da. “Guk zuzenketa bat aurkeztu dugu eta bertan, 250.000 euro bideratzeko proposamena egin dugu gaur bertan”, esan du Olanok. “Diputazioak proiektu hau propio egitea nahi dugu”, jarraitu du, “Jaurlaritzak egindako 500.000 euroko apustuaren pareko apustua egiteko”. Bilduk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bera proposamena onartzea espero du EAJren batzarkideak.
Era berean, soberakinaren harira egindako beste proposamen baten berri eman du Olanok. “Bidasoaldeko zaharren egoitzetan plaza gehiago jartzeko” 100.000 euroko proposamena ere egin dutela gaineratu du.
Hilaren 16an izango den Ogasun Batzordean eztabaidatzen hasiko direla gaia argitu du Olanok.