Elatzetako ikasleak jolasean
Elatzeta ikastetxeak hitzordu bikoitza finkatu du biharko eta etzirako. ONCEren Astearen barruko eskola programa eta Elatzeta Eguna 2014 izango dira hitzordu horiek hurrenez hurren.
Hala, ONCE fundazioak bultzatutako eskola programari dagokionez, Gipuzkoa osoan Beasaingo eta Irungo ikastetxe banatan gauzatuko dituzte jarduerak soilik, eta horixe da Elatzeta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleen kasua. Hala, bi zatitan banatuko dute eguna. Lehen partean, ume itsu bat nola gidatu ikasiko dute ikasleek; Txoko Txapa jolasaren bidez braille irakurtzen ikasteko zenbait nozio jasoko dituzte; braille pisten jokoan ariko dira; eta puzgarrietan jolasteko aukera izango dute.
Egunaren bigarren zatian, itsuentzako kirol egokituak probatuko dituzte ikasleek. Hala, penaltiak begiak estalita jaurtiko dituzte itsuak nola orientatu jakin dezaten; itsu lasterketa egingo dute; kaskabilo lasterketa izango da ondoren; eta bukatzeko, semaforoaren dinamika martxan jarriko dute ebaluazio modura.
ONCEren sentsibilizazio kanpainaren barruan kokatzen da eskola programa.
Elatzeta Eguna 2014
Larunbatean aipatutako bigarren hitzorduaren txanda helduko da: Elatzeta Eguna 2014. Ondokoa da egitaraua:
- 09:30 Prestaketa, musika, animazioa…
- 10:00 Hamarretakoa, kirolak, tailerrak…
- 11:00 Jolasak, dantzak, sari banaketa…
- 12:00 6. mailakoen emanaldia eta agurra. Bitartean lunch orokorra izango da.
- 13:30 6. mailako ikasle eta gurasoentzako luncha.
- 14:00 Bazkaria. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.