Pasaia Garbia: "alkateak muzin egiten dio herriaren aldarriari"
Udal gobernu taldearen “gardentasun eza” salatu du plataformak eta alkateari atez atekoa “inposatzea” leporatu dio
Haserre daude Pasaia Garbia plataformako kideak. San Pedron atez atekoa urte bukatu aurretik ezarriko dutela eta, kritiko agertu dira hedabideetara igorritako prentsa oharrean. Gardentasun eza leporatzen diote udal gobernu taldeari, eta sistema berria inposatzea, kontra dauden herritarren eskaerei bizkar emanda.
Zentzu horretan, gogor kritikatu dute atez atekoaren kontra bildutako sinadurak ez onartu izana. Diotenez, atez atekoaren kontra bildutako 4.247 sinadurak notario batek berretsi ditu, eta notarioaren akta udalean entregatu zutela adierazi dute. “Bilduko alkatearentat akta notariala ez da nahikoa, sinadurak ikusi nahi dituelako ikusteko zeinek sinatu zuen atez atekoaren kontra”, kritikatu dute. Udalak, ordea, plataformak halakoetan legez jarraitu beharreko prozedura bete ez, eta sinadurak ez daudela Udalean dio. “Zergatik jartzen da ezbaian sinadura bilketa baten bermea ezker abertzaleak bultzatuta ez denean”, galdetzen du plataformak.
Horrez gain, herrian sistemaren kontra daudenek egin dituzte manifestazioei kasurik ez egitea, eta kontrakoen iritzia kontuan hartu gabe sistema berria inposatzea leporatzen diote Agirregabiriari. “Herriari kasu egin diezaion eskatzen diogu alkateari, ozen eta argi ari baita hitz egiten”, gaineratu dute.