Ondare oparoa eta askotarikoa utzi du Nestor Basterretxeak; sortzaile agortezina, pinturan, eskulturan, zinemagintzan eta kartelgintzan egin du ekarpena, eta ia azkeneraino egon da lanean, bere lana nola hobetu beste kezkarik ez zuela
Nestor Basterretxea, Hondarribiko baserrian, iazko apirilean
Ezer gutxi esan daiteke Nestor Basterretxeari buruz azken egunotan irakurri ez denik. Sortzaile nekaezina, bizia labur geratu zaio azkenetaraino lanean aritu den artistari. 90 urterekin zendu zen lehengo larunbatean Basterretxea, Hondarribiko bere baserrian, etxekoek inguratuta. Lehengo astelehenean egin zioten agurra, agur zibila, Zorroagako eliza izandakoan, berak nahi zuen eran.
“Geroarekin obsesionatuta” bizi zela aitortu izan du artista bermeotarrak, eta bere lanak hobetu nahian eman du bizitza, azken uneraino. Bere etorkizun estetikoaren bilaketan, “hazten jarraitu” nahi zuela adierazi zion Oarso Bidasoko Hitza-ri iazko apirilean eskaini zion
elkarrizketan.
Berritasunerako esfortzurik gabe artea ezinezkoa zela defendatu zuen beti Besterretxeak, eta ez bakarrik hitzez. Bere jardun artistikoan, berdin margolaritzan, zein eskulturgintzan, zinemagintzan edota kartelgintzan, horixe izan baita bere lanaren ezaugarri konstantea; berritu beharra, arriskatzea, etorkizunera begiratzea.
Ziurrenik kezka horrek bultzatuta bildu zen Gaur taldera. “Berritzeko behar hori ulertu genuen Gaur taldean elkartu ginen artistok, figurazioan oinarritzea ekidin genuen, eta horrexegatik ere uste dut nabarmendu ginela”, adierazi zuen Hitza-n Basterretxeak. Ruiz Balerdi, Mendiburu, Txillida, Sistiaga, Arias, Zumeta eta Oteiza izan zituen bidelagun Basterretxeak Gaur taldean, euskal artearen abangoardian.
Bere eskulturak gurean
Sortzaile oparoa izan da Basterretxea, eta toki askotan ikus daitezke haren lanak, baita Oarsoaldean eta Bidasoan ere. Besteak beste, San Pedroko Torrean itsasoan zendutako marinel eta arrantzaleen omenez eraikitako eskultura, edo Irungo Nafarroa etorbidea eta Uranzu kalea lotzen dituen iturria nabarmendu daitezke.
Hondarribian, ordea, ez dago gaurdaino Basterretxearen eskulturarik, nahiz eta Haizea belatan proiektua udalaren esku egon. Gaiarekin “desengainatuta” zegoela esan zuen Basterretxeak Hitza-n, 88 urterekin ezin zuelako “pertsona gazte bat bezala itxaroten egon”. Politikak eta arteak maizegi nahastu egiten direlako atsekabea agertu zuen.
‘Operacion H’.
Basterretxeak 1963. urtean zuzendutako Operacion H filma erakutsi zuten 2004an Trintxerpeko Ziriza Etxean, Manifesta 5 arte garaikidearen topaketan. 1960ko hamarkadako Euskal Herriko praktika artistikoa aztertzen zuen lana, egileak berak aurkeztu zuen Trinxerpen.
Ondarea.
Errenteriako Listorretan bada Basterretxeak 1979. urtean eraikitako lan bat. Mahai bat eta eserleku batzuk irudikatzen dituen obra bat da, eta harriz eta adreiluz egina dago. 2006. urtean lana berritzeko akordioa lortu eta 2007an bukatu zituzten lanak. Argazkian, Nestor Basterretxea ageri da, Listorretan, berritze lanen arduradunekin batera.
Elkartasuna.
Sahararen bigarren aste kulturala antolatu zuen El Watan elkarteak Oiartzunen 2004. urtean. Besteak beste, Saharako haurren marrazkiak erakutsi eta saldu zituzten. Nestor Basterretxea astearen aurkezpenean izan zen, Saharako herriarekin zuen konpromisoa agerian utziz. Gizon konprometitua eta solidarioa izan da Basterretxea.
Espazio bat bereganatzen zuen, eta horretan aritzen zen jo eta fuego, tokirik gabe geratzen zen arte”
Katrin Alberdi. Basterretxearen lanaren kontserbatzailea
Omenaldi xume eta hunkigarria hileta zibilean
Zorroagako eliza
Astelehenean egin zen Donostian Basterretxea agurtzeko hileta zibila. Omenaldi xume eta hunkigarria egin zioten, berak nahi zuen modukoa eta nahi zuen tokian, Zorroagako eliza izandako eraikinean. Musika, bertsoak, literatura, dantza, argazki proiekzioak, eta biloben mezua… Omenaldi osoa, artista osoari.
‘Akelarre’ eskultura eta Kukairen ‘Gelajauziak’
Kukai taldea
Euskal Serie Kosmogonikoaren Akelarre eskultura Kukairen esku utzi zuen Basterretxeak Gelajauziak lanean erabiltzeko. Dantzari ohia, gustuko zuen Kukairen lana eskultoreak, eta gertutik jarraitu zuen dantza konpainiaren azken lanaren sortze prozesua. Kukaik artistaren eskuzabaltasuna eta maitasuna eskertu du.
Basterretxeak argi eta garbi utzi du, artearen lehen oinarria ez dela edertasuna”
Juan A. Urbeltz. Folklore ikerlaria
Aitona Nestorri
Telmo Basterretxea. Nestor Basterretxearen biloba
Idatzi kaskarra aterako zait seguruenik, ez baitut oraindik barneratu aitonaren behin betiko martxa. Zaila zait agur esatea. Nola hasi… Stravinskyren melodia batekin agian, guztia honela hasi baitzen.
Imajina ezazue 5 urteko kakanarru bat 100 kilo soinean daramatzan Santa Claus antzeko baten magalean. Mutikoak orduak eta orduak pasatzen ditu aitonaren marrazkiari begira. Bitartean, Olentzerok txistuka egiten du, La marsellesa, Toreador edo El bolero de ravel… behin eta berriz, buklean txistukatuz. Erraldoi hura ez da gainontzezko helduak bezalakoa, zer edo zer dago oso hurbilekoa zaiona umeari. «Hartu orri bat eta jarri zaitez pintatzen», animatu du txikia. Jakin gabe bere munduan sartzen ari zaio mutikoa.
Azkenaldian unibertsoak kezkatzen zuen aitona. Handiegia zitzaion, eta horrek beldurra ematen zion. Horregatik lasaitu egiten zen futbola, tenisa eta Formula 1 ikusten zuenean, hiru horietan jokoaren espazioa itxia baita, eta gertatzen den guztia zelaiaren edo zirkuituaren mugen barruan gelditzen da. Aitonak esaten zuen aske sentitzen zela sortzen zuenean, arte abstraktuak mundu desberdinak eraikitzeko aukera ematen ziolako; mundu berri hauetako mugak eta legeak berak asmatzen zituen, nolabaiteko zelaia sortzen zuen bertan jolasean hasteko. Modu honetara, paperetik at, bizitza errealean ere zelai propioa eraiki egin du alboan genituen guztiok bertan jolasean jarri gintuela. Ez zuen inor botata utzi. Funtsezko pertsona izan da aitona askorentzat, eta haien artean neu nago.
Beti dago norbait baserrian aitonaz galdezka, egunero bisitak. Ez da, beraz, asko agertzen jardinetik; uztailean gaude eta ez da igerilekura asko gerturatu. Atzo bai. Atzo unetxo batean izan genuen, eta iritsi orduko txantxetan hasi zen, beti bezala. Igerilekura sartu egin zen, a zer tripa daukan aitonak! «Ura pixa bezala» gustatzen zaiola esan, eta barrura. Yeya, berriz kanpoan gelditu egin zen nahiz eta bainujantzia jantzita izan.
Sagarrondoetan pasa genuen arratsalde osoa lehengusuok, eta ausartenak golfera hurbildu ziren, hesia pasaz.
Jaizkibel menditik, xanpai aparraren antzera, galerna jaisten hasi zenean, korrika alde behar izan genuen baserrian babestera. Eta hortxe doaz aitona eta Yeya eskutik. Bihar ere bueltatuko gara.
Bidegabekeria galanta izango litzateke amona yeya ez aipatzea bidaia honetan. Izan ere, aitona zer edo zer izan bazen, beregatik izan baitzen nagusiki. Aitona lanagatik alde batetik bestera zihoan bitartean, amonak familia aurrera eramatea lortu zuen, pazientzia, dedikazio eta maitasunez beteriko emakumea. Bi pertsona omentzen ari naiz, beraz; Nestor Basterretxea eta Maria Isabel Irurzun, alegia. Hau ere zuretat da, Yeya.
Urteak pasatu dira, eta mutiko hura hazi egin da. Aitonarekin daukan harremana estutuz joan da 23 urte hauetan. Denbora motza izan da, baina askorako eman digu. Beste gauzen artean zuregatik ikasten ari naiz Arte Ederrak eta Zinema. Noizbait egingo dut zer edo zer serioa, zuk esaten duzun bezala, ziur izan ezazu.
Gaur ere bisita daukagu, baina gaurkoa oso berezia da. Baserritik pasatu diren pertsona gehienak dauzkagu hemen baturik aitonari azken agurra emateko. A zer unibertsoa sortu duzun!
Pixkanaka ari zaizkit irudiak etortzen, eta orain hasi beharko nintzateke idazten. Baina bukatzeko garaia da, eta irudiak neuretzako gordeko ditut.
Orain baserritik aldenduko naiz, jada ez da nirea. Arrotza zait zuek biok ez zaudetelako han. Baina ez zarete desagertu. Aitonaren lanetan zaudete, eskultura, margo, marrazki… bakoitzean. Eta ez bada horrela, ziur izan ezazu, aitona, zerutik erbesteratu beharko duzula, aspaldi bezala, esandakoak aipu!
Asko eskertzen dizut egin duzuna eta izan zarena. Asko maite zaitut, aitona, soberan dakizu.
Aupa aitona!
Agur!