"Harriduraz" hartu ditu udalak UGT sindikatuaren adierazpenak
Kale garbiketaren gainean UGT sindikatuak atzo plazaratutako prentsa oharra “akats larri bezain maltzur batekin” hasten dela esan du gaurkoan Pasaiako EH Bilduren Udal Gobernuak. “Kale garbiketa publiko egiteak urteko 30.000 euroko aurrezkia ekarriko diola udalari” egia ez dela leporatu dio koalizio abertzaleak sindikatuari: “Pasaiako Gobernu Taldeak argitu baitu ia 30.000 euro aurreztuko dituela baina hilero, ez urtero. Hilean 29.700 euro da kopuru zehatza, hau da, urtean 356.400 euro”.
Kopurua “oso serioa” dela iritzi dio udal gobernuak. “Kontuan hartzekoa da, halaber, duela zortzi urte PSE-EEk hartutako erabaki oker batengatik udalak zenbat diru xahutu duen denbora guzti honetan”. Horiek horrela, “udal langileek zerbitzu hobea” emango dutela baieztatu du EH Bilduk.
Makroenpresa baten menpe
Pasaiako Udal Gobernuak azaldutakoaren arabera, azken zortzi urtean FCC makroenpresak gauzatu du kale garbiketa. Zentzu horretan “akziodun nagusia Esther Koplowitz delako bat dela eta bigarren akziodun nagusia Bill Gates delako bat?” gogorarazi dio gobernu taldeak sindikatuari.
Ildo horretan, erakunde publiko batek eskainitako baldintzen aurrean “EH Bilduk ez du ulertzen lan publikoaren defentsan aritu beharko lukeen sindikatu batek nola lehenesten duen FCC bezalako makroenpresa bateko lanpostu bat. Alegia, nahiago duela enpresa pribatua enplegu publikoaren aurrean”, gaineratu dute abertzaleek.
Horiek horrela, udal gobernuak ez duela inor kaleratuko baieztatu du koalizio abertzaleak: “Kalitatezko 15 lanpostu sortuko ditu eta, gainera, pasaitarrek urtero 356.400 euro xahutzeari utziko diote”