Dena prest San Pedron eta Trintxerpen atez atekoa abiatzeko
Zintzilikarioetara gaur arratsean jaitsi behar dituzte ontzi arinak, eta Gabitxokoetara, aldiz, bihar goizean.
Gaur goizean San Pedron izan da Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriarekin batera, atez atekoa gaurtik aurrera Pasaia osora hedatu dela iragartzeko. Sistema berrira batzen azkenak izango dira Trintxerpeko eta San Pedroko bizilagunak, aurretik bide bera egin dutelako sanjuandarrek lehenik, eta antxotarrek ondoren.
Ingurumen diputatuarekin batera gaur goizean egin duen agerraldian alkateak esan duenaren arabera, “abuztuan, Pasaiak bere osotasunean %54 birziklatu ahal izan du”. Kontuan hartuta abuztuan biztanle erdiak baino gutxiago egiten zutela bilketa selektiboa, aurreikuspenak oso onak dira udalarentzat: ” Jakin baitakigu Pasaia zero zabor bidean mundu mailan punta puntako herria bihurtuko dela egun gutxiren bueltan”.
Alkateak gogoratu duenez, Pasaian hainbat bilketa mota uztartu dituzte; zintzilikarioak, giltzarekin antolatu dituzten lokal itxiak, eta Garbitxokoak. Azken hauetan udal langileak izaten dira hondakinak biltzen. Guztira, Pasaian, lau Garbitxoko daude; bi bihartik aurrera martxan izango direnak Trintxerpen, eta beste biak, Antxokoak. Udalak esan duenez, oso gustura daude Garbitxokoek izan duten harrerarekin.