Mugarriak ezartzeko eskaria bihar aurkeztuko du udalak
11:00etan entregatuko dute eskaria, aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzan
Mugen auzian urrats garrantzitsua egin behar du Pasaiako Udalak bihar. Udalerriaren muga historikoak ezartzeko eskatuko dio aldundiari, «Pasaiarekin duen zorra historikoa behingoz kitatzeko».
Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde guztiak batzen dira mugen batzordean, eta batzorde horretan adostu da, hain zuzen, orain bideratuko den eskaera. Udalbatzaren oniritzia ere badu eskaerak, azken plenoan aho batez onartuta.
Eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epea izango du aldundiak erantzuna emateko.
Bizirauteko funtsezkoa
Udalaren iritziz, mugen auzia «funtsezkoa da Pasaiarentzat, etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko baditu». Zentzu berean, biziberritzearako Pasaiak bere lurrak berreskuratu beste biderik ez duela defendatu du udalak.
Auzi luzea
2002. urtean ekin zion Pasaiako Udalak muga historikoen defentsari. 1805. urtean Karlos VI. Errege Aginduen bidez gauzatutako mugaketa da Pasaiak beretzat eskatzen duena, hots, Mirakruz baserrira arteko lurrak eta handik lerro zuzen bat egin eta Irurdieta kalarantzat doan tartea. Mirakruz baserritik lerroa Etxeberri baserriraino luzatu zen, eta handik Larrerdi, Eguzkiza eta Txurdieneraiano.
Pasaiako Udalaren arabera «mugaketa hau da Pasaiari jatorriz dagokiona». Aitzitik, aipatu lurrak Donostia dira gaur egun. Pasaiako Udalaren iritziz, ordea, gaur egungo egoerak ez du lege-oinarririk, eta hortaz, «egin beharreko ekintzak egin behar dira, Pasaiak zehaztutako lurralde-eremuan eskumena izan dezan».