Pasaia-Lezo Lizeoak Ziburuko ikastolaren aldeko manifestaziora joateko deialdia egin du
Antolatu duten autobusa 14:30ean irtengo da Donibanetik; elkartasun hamaiketakoa antolatu du ikasleen euskara taldeak dirua lortzeko.
Kaskarotenea ikastolaren alde larunbata arratsaldean Ziburun egingo den manifestazioarekin bat egin du Pasaia-Lezo Lizeoak eta hara joateko autobusa antolatu dutela jakinarazi du, “hezkuntza komunitateko partaide orori” parte hartzeko eskatuz.
Horrez gain, ikasleek Kaskarotenea ikastolari laguntzeko 480 euro bildu dituztela jakinarazi dute ikastolako arduradunek. Bi egunetan elkartasun hamaiketakoa antolatu dute Batxilergo eta DBHko bigarren zikloko ikasleen euskara taldeak. Ikasleek eta beren senideek etxean egindako opilak eta bestelako pintxoak eta edariak saldu dituzte jolasgaraietan, bildutako dirua Ziburura bidaltzeko asmoz. .