"Emandako hitza betetzeko eta soilik galeriarentzat ez mintzatu eta jokatzeko" eskatu diote jeltzaleek koalizioari.
EAJko udal taldeak “gurea ikurrina dela agerian uzten duen plaka jartzeko” eskatu dio gobernu taldeari. Nahikari Otermin bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, EAJk
apirilaren 8ko udalbatzan egin zuen plaka jartzeko eskaera, mozio bidez. Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren aginduz Espainiako bandera jarrita dago udaletxeko balkoian apirilaz geroztik. Inposizioa salatzea da jeltzaleen eskaeraren asmoa, ikurrina aldarrikatzearekin bat. Mozioak aurrera egin zuen EH Bilduren botoei esker, baina plaka oraindik ez dutelako jarri kexu dira orain jeltzaleak: “Badirudi udalbatza hartan Bilduk hartutako konpromisoa soilik galeriari begira egina izan zela”, salatu dute. Mozioa onartu zenetik nahikoa denbora igaro dela iritzita, plaka ezartzeko eskaera berriz egitea erabaki du EAJk, gobernu taldeak “pasaitarren eta udaletxeko alderdi politikoen gehiengoaren sentipena aldarrikatzen duen plaka lehenbailehen” jar dezan.