"Gestio ekonomiko arduratsuaren" bidean, "aurrekontu orekatuak" aurkeztuko ditu gobernu taldeak
Aurrekontu proposamenaren aurrean "arduraz" jokatzeko eskatu die oposizioko alderdiei.
2015erako aurrekontu proposamena lantzen ari da Pasaiako udal gobernu taldea, EH Bildurena. Aurreko urteetako aurrekontuen ildo betetik joango direla 2015ekoak esan du Amaia Agirregabiria alkateak, “udal gobernu honek egin duen gestio ekonomikoa zuhurra eta arduratsua izan da, eta herritarren onura bilatu du beti. Lortu ditugun emaitzak dira horren lekuko”. Emaitza horiek kontuan hartuta, 2015eko udal aurrekontu proposamena “orekatua” izango dela ziurtatu du alkateak, “gestio onaren bideari jarraituko diote”. Horregatik, Agirregabiriak “konbentzimendua” azaldu du legealdiko gainerako kontuak bezala onartuko direla, “behintzat aurkeztuko ditugu, PSEk gobernuan zegoenean hori ere egiten ez bazuen ere”.
Jakitun da Agirregabiria, aurreko urteetan horrela gertatu delako, oposizioko alderdi gehienek kontu proposamenaren kontra egingo dutela, “gobernu taldea desgastatzeko”. Eta alderdi horien “eredu neoliberalak” kritikatu ditu, “arduraz jokatzeko eta ekinbidea neurtzeko” eskatzeaz gain. Zentzu horretan adibide bat jarri du Agirregabiriak: 2010eko urrian oposizioko talde horiek udala “bankarrotan” zegoela esan zuten; horren harira alkateak esan du orduko hartan “hitzak jan” behar izan zituztela oposizioko kideek, “baina kaltea eginda zegoen ordurako. Pasaiaren izen ona zikindu zuten, eta udal instituzioaren izena zalantzan jarri zuten. Behin eta berriz demostratzen ari gara udal honek ez duela aparteko arazo ekonomikorik, ordea”.
Horren harira, alkateak Jaurlaritzaren partetik udalak jaso dituen diru laguntza murrizketak salatu ditu, eta udalerriaren biziberritzerako 60.000 euro “ziztrin” jarri izana kritikatu du. “Horrela izan ez balitz, gauza gehiago egiteko moduan egongo ginateke. Baina hori ez da gure ardura”.
Hainbat datu
Udalaren osasun ekonomikoaren diagnosia egin du ere alkateak gaurko agerraldian. Hori egiteko hainbat datu eman ditu, betiere, “udal finantzen gestio arduratsuan” sakonduz. Honakoak dira horietako batzuk:
- Zor bizia: udalak 2006an zuen maileguen saldoa 3,6 milioitan jaitsi duela esan du alkateak, “hau da, erdia baino gehiago.
- Foru Funtsa: Pasaiak legealdi honetan, “EAJren esku zegoen aldundiak egindako kalkulu erabat okerren erruz”, 5,1 milioi euro itzuli behar izan dizkio Udalen Finantzaketarako Foru Funtsari. “Gure aurreko legealdian eta gurean jasan dugun karga ez dute izango hurrengoek. Zor guztia kitatu dugu”.
- Gizarte laguntzak: Gizarte Larrialdiko Laguntzak bermatu direla esan du alkateak, Jaurlaritzak emandako partidak bukatu direnean udalak jarri duelako falta zena.
- Udal plana eta auditoriak: udalak egindako plan ekonomiko-finantzarioa “goitik behera” betetzen ari direla esan du alkateak, eta urtero kanpoko auditoriak egin direla, “zuzenketa arinak iradokiz”.
- Proiektuak: aurreikusitako egitasmoak betetzen ari direla esan du alkateak, tartean Donibaneko eraikin soziokulturala, Euskadi etorbideko urbanizazioa, Andonaegiko futbol zelaia, Antxoko frontoi berria… “Hori dena lortzeko neurriak hartu ditugu, tartean kaleko garbiketa publifikatzea. Hori eginda urteko %23 aurreztu dugu”.
- Murrizketak: Espainiako Gobernuak hartutako neurrien ondorioz udal langileek jasan dituzten murrizketak “konpentsatzen” saiatu dela udala esan du alkateak, “eta lortu egin dugu”.