Oiartzungo EAJ: "Zer da gure aldizkarian udal gobernuari horrenbeste molestatzen diona?"
Udal gobernu taldeari erantzunez, Zurekin Oiartzun aldizkariaren banaketaren gaineko oharra helarazi die hedabideei herriko EAJk. Bertan azaldu dutenez, “Oiartzungo EAJren udal taldearen aldizkaria da” hori, “hori azaltzen da aldizkariaren goiburu bertatik. Bestelakoa dionak gezurra dio. Ulergaitza gertatzen zaigu EH Bilduren udal taldeak azaldu duen jarrera”.
Bestalde, aldizkari horren edukiei kritika egin die udal gobernu taldeak. Horri erantzunez, EAJko kideek galdera egin dute: “Zer da udal gobernuari horrenbeste molestatzen diona? Erantzuna aldizkarian izango da, eta hori herritarrok ikusi dezakegu aldizkaria etxean baitugu”.
Bestalde, Euzko Alderdi Jeltzalearen Astea Oiartzunen egitasmoaren barruan, gaur, 19:30ean eta Manuel Lekuona Bibliotekan, Emilio Olabarria EAJko kideak hitzaldia emango du, pentsio sistemaren etorkizunaren gaineko gogoeta egiteko.