Herrera Herrirak portuko lurrak eros ditzan eskatu dio aldundiari
Kaiko Herreraren izaera publikoari eusteko irtenbide gisa egin dute proposamena, espekulazioari ihes egin eta ingurua leheneratu ahal izateko; lurrak erosi ondoren Pasaiako Udalaren esku utz ditzan eskatu diote gobernu foralari, honek Herrera Herrirak plazaratutako eta udalbatzak bere egindako proposamena gauza dezan, "biziberritze ekonomiko, soziala eta urbanistikoa" helburu.
Erakunde guztiak datorren urteroko aurrekontuak adosten ari direla baliatuta, Herrera Herrira batzordeak, fitxa mugitu eta proposamen zehatz bat plazaratzea erabaki du, “egoera desblokeatzeko”. Aldundiarekin bildu dira, eta hiru puntuko proposamena helarazi diote. Lehenik eta behin, kaiko Herrerako lurrak erosi eta beren jabetza publikoari eusteko eskatu diote, modu horretan, espekulazioa saihesteko; Portu Agintaritzari, trukean, konpentsazioa eman diezaion, beti ere, jarduera kutsakorra gutxitzera bideratu daitezkeen neurrietan inbertitu dezan; azkenik, lurrak udalaren esku uzteko eskatu dute, udalak Herrera Herrirak plazaratutako ordenazio proposamena gauzatzeko aukera izan dezan.
“Portuaren kolonizazioa”
Herrera Herriraren iritziz, “momentu oso garrantzitsua” da kaiko Herreraren etorkizunarentzat, eta azkenaldian “mugimendu garrantzitsuak” izan direla nabarmendu dute. Zentzu horretan, Portu Agintaritzak Kaiko Herrera “berriz kolonizatzeari ekin” diola salatu dute. Hamar urtez baino gehiago abandonatuta eduki dituzten lurrak berriz okupatzeari ekin dio Portu Agintaritzat, “benetan existitzen ez den jarduera baten itxurak egiten, eta handik igarotzen diren pertsonak arriskuan jarriz”.
Eusko Jaurlaritzak biziberritzerako proiektua berri bat enkargatu duela jakinarazi du ere Herrera Herrirak, eta salatu du jokabidea, beste behin ere “benetakoak ez diren ustezko biziberritze proiektuetan dirua xahutzeagatik”. 60.000 euroko partida aurreikusia omen du Jaurlaritzak datorren urterako badia biziberritzeko.
Aldundiak, berriz, 27 milioi aurreikusi omen ditu, horietako asko aurrez martxan dauden proiektuetan inbertitzeko. Oraindik asignatu gabeko horiek, baina, beren proposamena bideratzeko baliatu dezaten lortu nahi du Herrera Herrirak. Aldundiarekin bilera lehengo asteazkenean egin zuten, eta baikor dira Herrera Herrirako ordezkariak, beren proposamena harrera ona izan zuelako. Edonola ere, beste erakundeei proposamen bera epe motzean helaraziko dietela jakinarazi dute, eta udalari, zehazki, lidergoa har dezan eskatu diote.