Txiste grafikoen sari banaketan partaidetza eta kalitatea gorantz
Sariak banatu dituzte gaur eguerdian, Arma Plazako Interpretazio Zentroan; Aurten 185 lan jaso dituztela nabarmendu dute, eta parte-hartzaileen fidelitatea eskertu. http://youtu.be/lKLWvF0mK3M
“Euskara aisialdiarekin lotu eta umorearekin uztartu”. 23 urte bete ditu aurten Hondarribiko Txiste Grafikoen Lehiaketak xede horien aldeko lanean, eta emaitza ez da nolanahikoa. Aurten 185 lan jaso dituzte, iaz baino gehiago, eta kantitatean bezala, lanen kalitatean ere igarri dela esan dute gaur gaian adituek. Txomin Sagarzazu kultura eta euskara zinegotzia, Iñaki Arzak irakaslea, Antton Olariaga komikigilea, Karmelo Goikoetxea euskara zerbitzuko teknikaria eta Aitor Txarterina marrazkigilea izan dira sari banaketan. Helduen mailan, Telmo Basterretxeak irabazi du lehen saria, Errealitatea ez da toki segurua lanarekin, eta Telmo Floresentzat izan da bigarren saria. 12 urtetik gorakoetan, Eneko Larruskainek eta Julen Olaskoagak eskuratu dituzte sariak, eta 12 urtez azpikoetan, Jokin Telletxeak eta Unai Melanak. Adituek esan dutenez, bi umore mota errepikatzen diren lehiaketara aurkeztu dituzten lan gehienetan; herriaren egunerokoari lotutakoak, eta hausnarketarako umorea. Azken atal honetan kokatu dute lan irabazlea.
