ABB Niessen enpresan, bai euskarari
Bai Euskarari ziurtagiria jaso du Oiartzungo enpresak, urte luzetan euskararen normalizazioaren alde barne eta kanpo mailan egin duten lanagatik. 100 urte bete ditu aurten enpresak.
Oiartzungo ABB Niessen enpresak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuen atzo, ZIurtagiriaren Elkarteko Rober Gutierrezen eskutik. “Urte luzeetako ibilbide bat” saritu dute horrela, izan ere, 1999an eta hainbat langileren eskariz, euskara batzordea sortu zuten bertan, eta horren harira barne zein kanpo mailako hainbat jarduera eta iniziatiba egin dituzte enpresan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, enpresaren hainbat sekziotan. 2003tik Emun enpresarekin ari da garatzen Niessen euskararen aldeko lanketa.
Langileek pozik jaso dute ziurtagiria. Baina aitortu dute ziurtagiria jasotzearekin ez dela deus ere bukatzen “hau ez da bidearen amaiera, mugarria baizik. Orain arteko lana sendotzeko baliagarri izango da, baina baita atorkizuneko erronkei aurre egiteko indar metatzaile ere”.
Aurten Niessenek 100 urte bete ditu. Horren harira, hainbat ospakizun eta ekitaldi egin dituzte. Urteurren biribila, are biribilago bihurtu da Bai Euskarari ziurtagiria jaso dutelako.