Oarsoaldeko IAk, EAJri: "Heldutasun falta garbi erakutsi dute"
Andoni Ortuzarren hitzaldiaren harira izandako gertakarien harira, iritzia eman du Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleak taldeak.
Andoni Ortuzarrek Manuel Lekuona Bibliotean eman behar zuen hitzaldiaren aurretik elkarretaratzea egin zuen atzo IAk, eta horren harira, hiru gazte identifikatu eta 600 euroko isuna jasotzeko arriskua dute
Atzo, EAJren buruzagi Andoni Ortuzarrek Oiartzunen eman behar zuen hitzaldia baliatuz, Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleak taldeak (IA) elkarretaratzea egin zuen Manuel Lekuona Bibliotekaren parean, Heziberri=Euskal LOMCE zioen pankartarekin. IAk esan duenez, Ortuzar hara iritsi zenean, “txistu eta oihu artean”, EAJren buruzagiak “irribarre ironiko batez” agurtu zituen elkarretaratzean zeudenak, eta hitzaldira joan ziren entzuleetako batzuk “keinu lotsagarriak” egin zizkietela salatu dute gazteek, “haien heldutasun falta argi eta garbi erakutsiz”.
Horren aurrean, “kalez jantzitako polizien artean” izan ziren 70 gazteetatik batzuk Manuel Lekuona Bibliotekaren atera hurbiltzea erabaki zuten, “barrukoek mugikorrekin gu grabatzeari ekin” ziotelako. Orduan “tentsio uneak” sortu zirela baieztatu dute IAko kideek, “sirena hotsak entzun ziren, eta borra eta gomazko pilotak jaurtitzen dituzten eskopetekin armatutako ertzainek jarrera oldarkorrez inguratu gintuzten”. Horrez gain hiru gazte identifikatu eta 600 euroko isuna jasoko zutela esan zuten ertzainek, “horren aurrean, kontzentrazioa bertan behera uztea erabaki genuen”.
Gertaera horien aurrean, IAk esan du “EAJren aurrean egoten” jarraituko duela, “ez gaituzte beldurtuko. Heziberri plana bertan behera utzi arte borrokan jarraituko dugu”