Elkartasunez betetzen ari dira saltokietako gurdiak
Iaz baino jaki gehiago biltzen ari direla esan dute saltokietako arduradunek.
Elikagai Bankuarentzat janaria emateko bigarren eguna da gaurkoa. Hainbat saltokitan, Euskal Herri mailan baita Oarsoaldean eta Bidasoan ere, beharra dutenentzat premiazko jakiak biltzen ari dira Elikagai Bankuko boluntarioak. Herritarrak deialdiari erantzuten ari dira, oso ondo gainera, eta jakiak utzi eta utzi ari dira gune horietan. Gipuzkoan, zehazki, 69 tokitan utz daitezke beharra dutenentzako jakiak. Horietan guztietan erosketa gurdiak bete-bete daude jada.
Horietako bat Errenteria-Oreretako Zapirain Anaiak kaleko Eroski City saltokia da. Bertara ezin izan dute joan Elikagaien Bankuko boluntarioek, baina hala ere, saltokiaren arduradunek esan dute herritarrek bere kabuz egiten dutela elkartasun keinua, inork ezer esan gabe. Jaki asko eta asko jasotzen ari direla esan dute aldi berean.