Elkarteak zein Madariagak haurren heziketa euskaldunean egindako urratsak aitortu ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.
Izaskun Madariaga, aipamena jaso ondoren
Kimutx Kultur Elkarteak jaso zuen atzo arratsean 2014ko Oarsoarrak Euskararen Saria. Euskal mitologian oinarritutako jolasak, ipuinak, kantak eta bestelako material didaktikoaren sortzaile da Kimutx, Oarsoaldean du jatorri, eta euren jarduna batez ere 0-12 adin tarteko haurrei zuzenduta dagoen arren, guraso eta helduentzat ere bada euren proposamena. Nora Barrosok jaso zuen Kimutx-en izenean saria.
Bestalde, urtero pertsona bati aipamen berezia egiten diote sarien banaketan. Aurten, Izaskun Madariagari egin diote aipamen hori; pozik jaso zuen saria oiartzuarrak. Haur txikien hezitzaile eta pedagogoa da Madariaga, eta urte luzez lan egin du zeregin horretan, baita beste hainbat arlotan ere. “Ibilbide profesional guztian euskara ezpainetan erabiltzeagatik” eman diote aipamen berezia.
Atzo egin zuten sari emate ekitaldia Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxean. Bertan, Oarsoaldeko udaletako ordezkariak izan ziren, baita hamarnaka gonbidatu ere. Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua ere bertan izan zen, eta bere hizketaldian nabarmendu zuen sarituen “ahalegin era konpromisoa miresgarria” dela, “horri esker euskara mantentzen ari da, hitz eginez, transmitituz”. Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Amaia Agirregabiria Pasaiakoak ere hizketaldia egin zuten. Biek ala biek adierazi zuten euskararen alde lanean ari direnek aitortza publikoa behar dutela, eta horren oinarrian dagoela Oarsoarrak Euskararen Saria, “euskararen normalizazioaren alde elkartu egin behar dugu”.
Ordezkari politikoez gain, Mertxe Mugikak, Asier Amondok (AEK-koa, Korrikari buruz mintzo zen) eta Josu Waliñok (Puntueus elkarteko zuzendaria) parte hartu zuten ekitaldian. Iraitz Mateo nahiz Ander Lizarraldek bertso musikatuak abestu zituzten Errenteria Musikaleko kideekin elkarlanean.