San Pedro-Pysbe auzoaz gogoeta egiten ari dira Lezon
Gaur hartuko dituzte behin betiko erabakiak, auzoan 50.000 euro nola inbertitu oinarri izango dutelarik.
Lezoko Udalak abiatutako parte hartze prozesuari jarraituz, gaur egiten ari dira San Pedro-Pysbe auzoan 50.000 euro nola inbertitu erabakitzeko bigarren eta azken batzarra. Diru hori nola erabili erabakitzeaz gain, auzoaren gaineko gogoeta orokorra egiteko baliagarri izaten ari da prozesua. Tomas Garbizu Musika Eskolan egiten ari dira batzarra, 20 bat partaiderekin.
Lehen bilerarako proposamena eraman zuen udalak, honako ekarpenekin: auzoko bideak garbitzea eta koskak kentzea; iturria konpontzea, neguan ura isuri eta izoztean arazoak sortzen dituelako; plazako zuloak ixtea; metalezko barandak margotzea; eta eskailerak eta asfaltoa konpontzea.
Bileran parte hartu zuten auzotarrek begi onez hartu zuten proposamena udaletik esan zutenez, eta ekarpenak egin zituztela gaineratu du: “Besteak beste, argiteria konpontzeko eskatu dute, zenbait etxeetan enbarazu egiten duten zuhaitzak kentzea, errepidean margo lanak egitea autoek ez aparkatzeko edo eta sotoetako etxabeak plakekin identifikatzea. Auzotar batek bi auzoak batu eta irisgarritasuna hobetzeko proposamena egin zuen”.