Izar Etxeberria oiartzuarra eta Iker Larunbe, dantzari onenak Pasaian
Etxeberriak bigarrenez jarraian irabazi du Soinu Zahar Txapelketa. Larunbek, berriz, bosgarren aldiz jarraian irabazi duelako, Atarrabiara eramango du behin betiko Tomas Murua saria.
Izar Etxeberria oiartzuarrak bigarrenez, eta Iker Larunbe atarrabiarrak bosgarrenez, irabazi dute hurrenez hurren Euskadiko VIII. Soinu Zahar Txapelketa eta Euskadiko XXXIV. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa. Donibaneko kiroldegian egin ziren lehiak aurreko larunbat arratsean. Horrek esan nahi du, Larunberen kasuan, behin betiko geldituko dela Tomas Murua trofeoa Atarrabiako (Nafarroa) udaletxean, bosgarrenez jarraian irabazi duelako txapelketa hori.
S0inu Zahar Txapelketan 12 neska aritu ziren lehian. Ormatxulo, Upelategi, Kontrapasa eta Erribera dantzak egin zituzten. Izar Etxeberriak, irabazteagatik, urrezko domina, Dantzarien Biltzarreko trofeoa, Kutxaren trofeoa, lepo zapia, 320 euro, eta Tomas Murua trofeoa (hurrengo urtera arte) eraman zituen. Bigarrena Soinu Zaharrean Villabonako Ane Urruzola eta hirugarrena Udane Eskudero izan zen.
Aurreskuan, Larunbe irabazleak, urrezko domina, Dantzarien Biltzarreko trofeoa, Kutxaren trofeoa, txapela, gerrikoa eta 320 euro eraman zituen, Tomas Muruaren trofeoa behin betiko eskuratzeaz gain. Bigarrena Aitor Asenjo elgoibartarra izan zen, eta hirugarrena Iker Sanz lezoarra.
Musika Donibaneko Itsas Mendiko txistulariek jarri zuten, eta epaimahaiko kide Nagore Indakoetxea, Jose Luis Vallejo, Arantxa Ferreiro eta Aiert Beobide izan ziren. Dantzariek lehiako saioak egin, eta epaileek erabakia hartu aurretik, gazte mailako dantzariek saioak egin zituzten.