Euskararen Egunarekin bat egin du Oiartzungo Udalak
Oiartzungo Udalak bat egin du biharko Euskararen Egunarekin, eta horren harira egingo diren ekimenetan parte hartzeko esan die herritarrei. Horren harira, bihar, Euskaraz bizi nahi dut zapia jarriko dute udaletxean, eta aldi berean, oiartzuarrei gauza berbera egiteko eskatu die udalak. Banderolak Ttur-Tturren bulegoan eros daitezke.
Aurreko asteko udalbatzarrean Irati Etxebeste Euskara zinegotziak adierazi zuenez, biharkoa “ospakizunerako eta aldarrikapenerako” eguna da. Onartu zuen “herri berezia” dela Oiartzun, “euskara nagusi dena”, baina eguna bezalako arnasguneak beharrezkotzat eman zituen.
Udala zentzu horretan lanean ari dela jakinarazi zuen, “udala euskalduntzeko urrats nabarmenak egin ditugu, eta oraindik hutsuneak dauden ataletan hobetzen joango gara. Euskal Herri euskalduna helburu, Oiartzundik asko egin dezakegu”.