Pasaia Garbiak Mutriku adibidetzat har dezan eskatu dio EH Bilduri
Lehengo igandean Mutrikun egin duten galdeketa Pasaiarako nahiko luke atez atekoaren kontrako plataformak.
Pasaia Garbiak dioenez, Mutrikun “beraiek behin eta berriro eskatzen ari direna” egin dute, hots, “herri galdeketa bat, alde ezberdinen artean adostutakoa, informazio kanpaina burutu ondoren”. Mutrikun bosgarren edukiontziak irabazi du, plataformak dioenez, “alde handiarekin”, baina Pasaia Garbiaren arabera, ez da hori nabarmendu beharreko datua: “benetan azpimarragarria da atez atekoak bakarrik 411 boto jaso izana Bilduk udal hauteskundetan 1.583 boto jaso zituela kontuan hartuta”. Pasaia Garbiaren ustez, Pasaiako EH Bilduk ez badu galdeketa egiten “begi-bistakoa dena onartzeko prest ez dagoelako”, plataformaren iritziz, “pasaitarren gehiengo zabala atez atekoaren kontra dagoelako”.