Hezkuntza komunitate osoak ospatu du Euskararen Eguna Pasaia-Lezo Lizeoan
Euskaraz bizi nahi dut ardatz hartuta argazki mosaiko interaktiboa eta bideoa ekoitzi dituzte; gaur jai eguna dute ikastolan. http://youtu.be/1YC9sQdS1OI
Bai argazki mosaiko interaktiborako, bai bideorako, familiek bidalitako argazkiak erabili dituzte, Euskaraz bizi nahi dut leloa ardatz hartuta. Ikasleak banaka, binaka, lagun taldean, sendiarekin… klasean, kalean, mendian, elkarte gastronomikoan, etxean… ikastolan estreinakoz egin duten kanpaina izan da, arrakasta handiarekin.
Ospakizuna ikasgeletatik kalera
Euskararen Eguna izanik, ikastolan jai eguna dute gaur. Atzo egin zituzten ospakizunak ikastetxean, eta gaur, berriz, kalean ospatuko dute Euskararen Eguna, Donibanen, Bixi-Bixirekin elkarlanean antolatutako jardueretan. 17:30ean, antzerkia dago haurrentzat Donibaneko ikastolako eraikinean, Kondaira baten truke antzezlanarekin. Ondoren, 19:00etatik aurrera, kantu jiran abiatuko dira Meipitik plazara, eta han, 19:30ean herri ekimen baten aurkezpena izango da.
