'Ohea', Oarsoaldeko Motxian Eby esketx lehiaketan onena
Irabazleek Maixa eta Ixiarren abesti bat ardatz hartuta egin dute esketxa. Ondoko bi esketxeak Oarsoaldeko irabazleenak dira, 'Ohea' (lehen saria) eta 'Masajista' (bigarren saria). Oarsoaldeko publikoaren saria Astigarragara joan da.
http://youtu.be/cpZFotJUyz8
http://youtu.be/9XQmhPLHOao
Ostiralean banatu zituzten Oarsoaldeko Motxian Eby Esketx Lehiaketaren sariak Errenteria-Oreretako Niessenen egin zuten ekitaldian. Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko euskara zerbitzuek —bi eskualdeetako udaleko euskara zerbitzuak daude bertan— bultzatutako iniziatiba da Motxian Eby, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko. Aurten, Oarsoaldeko lehen saria Ohea esketxak lortu du, bigarrena, berriz, Masajista izenekoak.
Bideoen edo esketxen ardatza zen euskal abestien edo kantarien parodiak egitea, minutu inguruko esketx bitartez. Bada Ohea irabazleak Maixa eta Ixiar abeslarien Bexamela eta pastela abestia oinarri hartuta eskolan lokartzen den ikasle baten istorioa kontatzen du. Bigarren sariaren egileak, Masajista, Sorotan Bele taldearen Arratsalde honetan kanta hartu dute doinu gisa. Lehen saria lortu dutenek 300 euro eskuratu dituzte, eta bigarrenaren jabeek, 200.
Publikoaren saria eman zuten ere ostiralean. Kasu honetan, Buruntzaldeko bideo onena saritu behar zuten Oarsoaldeko boto emaileek. Astigarragako Aitortxo lanari eman zioten saria gazteek.