Oiartzunen gizonen futbol taldearen lehen garaipena iritsi da
Sasoiko lehen garaipenari esker, Hirugarren Mailako azken postua atzean utzi dute oiartzuarrek.
Kostata, baina lehen garaipena lortu du Oiartzun Kirol Elkartearen gizonen talde nagusiak, Hirugarren Mailakoak. Larunbatean 1-0 gainditu zuen Alaves B Karla Lekuonan, arerio zaila zen, mailako goiko postuetan daudelako arabarrak, baina aurrekoetan kontra izan duten zortea, edo epaileen lana, aldekoa edo zuzena izan zen larunbatean.
Partidak jokaldi erabakior bat izan zuen. Lehen zatian, Oiartzunek aldeko izan zuen korner bat errematatu, eta Alaves Bko jokalari batek atearen marran eskuarekin gelditu zuen baloia. Horregatik, kanpoko taldeko jokalariari txartel gorria atera zion epaileak, eta aldeko penaltia izan zuen Oiartzunek: 1-0 jarri zen aurretik etxeko taldea jokaldi horren ondorioz, eta jokalari bat gehiagorekin zelaian. Eñaut Fernandezek sartu zuen penaltia.
Bigarren zatian kanpokoak gogor atera ziren berdinketaren bila, eta batez ere korner eta faltetan jokaldi arriskutsuak sortu zituzten. Baina etxekoek lortu zuten golik ez jasotzea, eta lehen garaipena, 16. jardunaldia bete zenean, zakura.
Orain gora bestetik ezin du egin Oiartzunek. Mailako azken postua atzean utzi dute, eta garaipenak emandako konfiantza baliatu behar dute hortzak estutu, eta Hirugarren Mailan jarraitzeko borrokari eusteko.