Atxikimendu bila ari da mugen batzordea
Eragileekin bilerak ari dira egiten, mugen auzia azaldu eta babesak lortzeko; larunbatean informazio postua jarriko dute San Tomas azokaren barruan, Antxon.
“Pasaiari dagokion lur eremua aitor diezaioten” lanean jarraitzen du mugen batzordeak. Azkenaldian eragileekin bilerak egin dituzte, herritarrei mugen auzia deitutakoa azaltzeko eta ahalik eta atxikimendu gehien biltzeko. Zehaztu dutenez, orain arte gizarte eragileekin bilera orokorrak egin dituzte lau barrutietan eta datozen sektoreak biltzeari ekingo diote, “kirol taldeekin, merkatariekin, kultura eragileekin…”.
Gizarteratze kanpaina
Bestalde, Mugen Batzordeak, Udalarekin elkarlanean, mugen auzia gizarteratzeko kanpaina abiatu duela jakinarazi dute. Kanpaina horren barruko hurrengo zita larunbatean dute, Antxon. Santomasetako feria izango da bertan goizean, eta hori baliatuta informazio postu bat jarriko dute Gure Zumardian, M11:00etatik 13:00etara, “ahalik eta herritar gehienak gaiaren jakinaren gainean jartzeko”.