Udalerriarekin zerikusik ez duten mozioak bozeramaileen batzordetan jorratzea proposatu du EAJk
Jeltzaleek "edukirik gabeko plenoak" deitzea egotzi diote gobernu taldeari, eta Pasaia abenduan aurrekontuak aztertu eta onartzen ez dituelako kexu agertu dira.
Pasaiarekin zerikusirik ez duten mozio eta adierazpen instituzional gehiegi eramaten dira udalbatzarrera, EAJren ustez, eta horregatik, herriarekin loturarik ez duten mozioak bozeramaileen batzordera eramateko eskatu dute. Azken udalbatzarrak mamirik gabekoak izan direla iritzi dio EAJk, eta hori gobernuaren kudeaketa ezaren isla izan dela esan dute. “Zentzuzkoena litzateke abenduko udalbatzan 2015erako aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatzea, baina udal gobernu honen kudeaketa gaitasun ezaren ondorioz Pasaiako oposizioko taldeek otsaila arte itxaron behar izaten dugu gobernuaren aurrekontu proiektua jasotzeko eta gure proposamenak lantzeko” kritikatu dute. EAJren arabera “udal zergak eta aurrekontuak dira udal kudeaketaren alorrik garrantzitsuenetakoak, horregatik, “jeltzaleentzat ulergaitza da Bilduk utero aurrekontuen gaia atzeratzea”.