Abenduaren 27an da, 20:00etan hasita. Gauekoa da lehenengoz.
Abenduaren 27an (larunbata) izango da aurtengo Pasai Antxoko Gabonetako Krosa. Laugarren edizioa beteko du aurten lasterketa horrek, eta berritasun askorekin dator, gainera. Lehena eta nabarmenena da gauekoa izango dela, irteera ordua 20:00etan izango delako, Gure Zumarditik. Baina badira berrikuntza gehiago. Antxoko Jai Batzordeak antolatu du lasterketa, eta atzo aurkeztu zuten lasterketa (irudian, antolatzaileak ageri dira).
Gauekoa izateaz gain, ibilbidean aldaketak izango dira. Zazpi kilometroko bidea egin beharko dute parte hartzaileek, barrutitik zehar prestatu duten zirkuitu berriari hiru bira emanaz. Hasiera eta helmuga Gure Zumardiaren erdi-erdian izango dira.
Aurten, lehenengoz, Internetez dago izena emateko aukera.
www.kirolprobak.com webgunearen bitartez, abenduaren 26ra arte. Eta beste berritasunetakoa da korrikalariek txipa eraman beharko dutela, izen ematean 10 euro ordaindu beharko dute txip horia dutenek (jabegoko txipa), eta 12 zuria dutenek (proba honetarako txip berezia, helmugan itzuli beharrekoa). Hilaren 26ra arte eman daiteke izena Internetez, eta 27an bertan proba hasi aurretik, Antxon: Azokan 17:00etatik 19:30era eman ahal izango da izena. Izena ematerakoan, Korrikalariaren Poltsa jasoko dute partaideek, eta horretan, besteak beste, kamiseta teknikoa, informazioa eta jakiak nahiz edariak izango dira. Azokan ere kontsigna jarrita egongo da, eta motxilak gordetzeaz gain, bertan aldatzeko aukera dute lasterkariek.
Ez hori bakarrik. Gauekoa izanda, Jai Batzordeko kideek iragarri dute ibilbidean zehar argiztapen berezia eta animazioa izango direla, eta probaren hasierarako “sorpresak” iragarri dituzte, “Gabon giroan gaudela kontuan hartu dugu”. Gainera, probaren bukaeran, parte hartzaileen doan masajea jasotzeko aukera izango dute,
BI-K Masaje Eskolako profesionalen eta ikasleen eskuetatik.
Parte hartzea
Berritasun horiekin guztiekin, parte hartzearen aldeko apustua egin dutela esan dute antolatzaileek. Herri korrikalariei nahiz eskarmentua dutenei deia egin diete parte hartzeko, “herri lasterketa da hau. Nahi duguna da esperientzia duten korrikalariak nahiz herri mailakoak, emakumeak batez ere, bil daitezela. Lasterketa irekia da, denek egiteko modukoa”.
Zentzu horretan, lasterketan mozorroarekin parte hartzeko aukera badagoela esan dute antolatzaileek.
Sariak
Antolatzaileek 15 sari prestatu dituzte orotara. Maila absolutuko lehen hiru emakume eta gizonek sariak izango dituzte, baita Beteranoen Mailakoek ere. Lehen antxotar emakumeak nahiz gizonak ere kopak izango dituzte, eta hoberen mozorrotzen denak ere izango du saria. 21:30ak inguruan emango dituzte sariak hilaren 27an, korrikalari guztiak helmugara iritsi ondoren.