Udal ordezkarien azalpenak entzun dituzte Oiartzungo ikasleek
Eskola Agenda 21n barruan kontsumo arduratsuaren gaia landu zuten aurreko ikasturtean Haurtzaro eta Elizaldeko ikasleek, eta udalari eskatutako konpromisoen albisteak jaso dituzte.
2013-2014 ikasturtean energia kontsumo arduratsua landu dute Oiartzungo ikasleek Agenda 21 egitasmoaren barruan. Horren harira, lanketa horren arabera ikasleek hainbat konpromiso propio hartu zituzten etxean, kalean eta ikastetxean lantzeko. Baina udalari ere eskatu zizkioten konpromisoak. Horiek nola bete dituen azaldu die udalak gaur, ikasleei. Herriko ikastetxeetako 1.400 ikasleek landu dute gaia, eta horien ordezkaritza bat egon da gaur udaletxean azalpenak entzuten.
Udalaren ordezkariek esan dutenez, Altzibarko gune zaharrean kale argiteria instalazioa aldatu dute; Kale Berria eta atzeko plazako argiteria ordezkatu, eta potentzia gutxiagokoa jarri dute: eta Agerrealdeko kale argien potentzia ere murriztu dela ere jakinarazi dute. Neurri horiekin, kontsumo arduratsuagoa egiten ari dela udala esan dute.
Horiek entzuteaz gain, Haurtzaro eta Elizaldeko ikasleek 2014-2015 ikasturtean Agenda 21n barruan zer ari diren lantzen azaldu dute: elikadura jasangarria. Maiatzean emango diote udalari egin dutenaren berri. Eta aldi berean, gai hori lantzen laguntzeko maskota bat ere badutela zehaztu dute, Sagartxo.
Hamaikagarren Agenda 21
Eskolako Agenda 21en harirako hamaikagarren ekitaldia ari dira egiten aurten Haurtzaro eta Elizalde. Horren barruan, besteak beste, aurreko urteetan ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea eta kontsumo arduratsua bezalako gaiak landu dituzte.