Syrizari eta Greziako herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea antolatu dute
Herritar talde anitz batek deituta, elkarretaratzea egingo dute datorren ostiralean Niessen merkatalgunearen sarreran, 19:00etatik aurrera. Helburua Greziako herritarrei eta bertako Syriza alderdi ezkertiarrari babesa ematea da.
Herritar talde anitz batek deituta, elkarretaratzea egingo dute datorren ostiralean Niessen merkatalgunearen sarreran, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, helburua Greziako herritarrei eta bertako Syriza alderdi ezkertiarrari babesa ematea da. Igandean egingo dituzte herrialde horretan hauteskundeak, eta Syriza jotzen dute irabazteko faborito gisa.
“Austeritate, eskubideen zein gizarte prestazioen murrizketen, hazten ari den genero ezberdintasunaren eta langabeziaren eta pobreziaren hazkundearen garaian bizi gara”, ziurtatu dute antolatzaileek. Euren esanetan, Grezian “inon baino hobeto” nolakoa den egoera hori, “politika neoliberalen laborategi” bilakatu delako euren ustez, eta “burujabetza ostu” diotelako. Horren emaitza, euren esanetan, “gizarte hondamendia” da
Hala ere, Grezian bertan, “itxaropenez betetako alternatiba” dagoela esan dute, “langileei lehentasuna emango diena eliteen aurrean”. Horrela, “beldurrean, xenofobian, behartsuen arteko gorrotoan, segurtasunaren paranoian eta eskuin muturrari bide ematen mezuen aurrean”, Syriza “bide egokian” doala uste dute.
Herrien arteko elkartasuna aldarrikatu dute, eta Errenteria-Orereta zein Euskal Herri osotik “greziar herriaren borrokei” babesa ematera deitu dute. “Euren askatasun haizeak zabaldu eta gureekin bat egin dezatela nahi dugu”, gaineratu dute. Halaber, Syrizaren balizko garaipen baten beldurra sorraraztea gaitzetsi dute, eta “herriari bere borondatea adierazteko eskubidea” errespetatu dadila eskatu dute. Hauteskundeak irabaziko balitu, “beste Grezia bat, beste Europa bat eta beste Euskal Herri bat” sortu daitekeela iritzi dute.