EAJk osoko zuzenketa aurkeztuko dio gobernu taldearen aurrekontu proposamenari
Jeltzaleen esanetan, gobernu taldeak "erreala ez den aurrekontu orekatua" aurkeztu asmoz "diru sarrerak puztu" egin ditu
Gobernu Taldeak prest du aurrekontu proposamena eta hil honen azken astearteko plenoan bozkatuko da. Bada, alderdiak hasiak dira horren aurreko jarrera publikoak agertzen. Hala EAJk, osoko zuzenketan aurkeztuko duela iragarri eta aurrekontua udalak dituen diru sarrera errealetan oinarritzeko eskatu dio koalizio abertzaleari. Izan ere, jeltzaleen arabera, gobernu taldea diru sarrerak puzten aritu baita, aurreikusi dituzten inbertsio eta gastuak aurrera eraman ahal izateko eta egiazkoa ez den aurrekontu ustez orekatua aurkezteko.
“Paperean nahi duguna jar dezakegu, baina aurreikusitako diru partidak betetzen eta jasotzen ez badira, azken urteotan gertatu den modura, udalak maileguak eskatu beharko ditu gastu arruntak ordaindu ahal izateko” adierazi du jeltzaleen alkategai Nahikari Oterminek. Jeltzaleek hondakin salmenta aipatu dute adibidetzat, salatu dutenez, joan den urtean Bilduk hondakin salmentagatik udalak 220.000 jasoko zituela aurreikusi zuelako errealitatean aurreikusitakoaren erdia ere jaso ez dutenean.