Eusko Jaurlaritzak Irungo Arasoko kotxetegiak eta Errenteria-Orereta "ahaztuta" dituela salatu dute sozialistek
Mikel Diez eta Jose Angel Rodriguez
PSE-EEk Irungo Arasoko kotxetegiak lanean hastea eskatu du, eta bide batez, Errenteria-Oreretako Gaztañokoak itxi eta eremu hori libratzea.
Errenteria-Oreretako Herriko Etxean egindako agerraldian, Mikel Diez Gipuzkoako PSE-EEren garraio arduraduna eta Jose Angel Rodriguez alkategaia izan dira. Diezek gogorarazi duenez, Arasoko kotxetegiak 2013an martxan jartzeko asmoa zegoen. “Orduan PSE-EE zegoen Eusko Jaurlaritzan, eta Topo linea berritu genuen. Guztira, 30 milioi euro inbertitu ziren”, esan du Diezek. Katenaria esleitzea bakarrik falta dela esan du, eta martxan jartzeko prest dagoela: “Urkulluren gobernua arduragabekeriaz jokatzen ari da. Beti ari dira beste gobernuei buruz hitz egiten, baina bere ‘Castelloko aireportu txikia’ du Irunen”.
Diezen ustez, “Gipuzkoa galtzaile ateratzen da Bizkaiarekin alderatuta”. Horrela, trenen mantenu lanak Lebarioko (Abadiño, Bizkaia) kotxetegietan egiten direla azaldu du. “Haiek garai berean eraiki ziren, eta grafittiak garbitzera eta beste hainbat lan egitera hara eramaten dituzte”, zehaztu du. “Horrek eragina du Irun, Errenteria-Oreretan eta inguruko herrietan. Arasoko kotxetegiak 50 langileri lana emateko eraiki ziren, eta ez da horrelakorik egin”, salatu du.
Gaineratu duenez, Errenteria-Orereta Gaztañoko kotxetegietako jarduera uztea eremuaren birgaitzearentzako lehenengo urratsa izango litzateke. “Errenteria-Oreretako kotxetegiak 3.000 metro koadro ditu, eta lau bide. Arasokoa sei aldiz handiagoa da”, esan du Diezek.
“Errenterian inberti dezatela”
Errenteria-Oreretako kotxetegiek 3.000 metro koadro okupatzen dituzte
Rodriguezek, bere aldetik, eremu berdea eta Gaztaño auzoko sartu-irtenentzako errepidea eskatu du orain kotxetegiak dauden tokian. Gainera, Topo geltokia hobetzea eta trenbide pasagunea ezabatzea eskatu du: “Iazko martxoaren 25eko plenoan aho batez onartu zen guk aurkeztutako mozioa, eta ez zen arazorik egon”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eremua libra dezan, eta “ahaztuta duen Errenterian” inberti dezan.