Taldeek eta norbanakoek jasoko dituzte sariak
Ihoteen jaia pasata, ohiko Inauteriak egingo dituzte Oiartzunen. Ostiralean ikastetxeetako desfileen txanda izango da, eta larunbatean, berriz, herritarrek euren mozorroak kalean erakusteko aukera izango dute, herrian geldituz. Hori sustatzeko herriko tabernariak bildu, eta mozorro onenei sariak emango dizkiete. Abaraxkak ere egingo ditu jarduerak larunbatean.
Oiartzungo Tabernarien Elkarteak taldekako mozorro onenari eta hoberen mozorrotuta doan norbanakoari sariak emango dizkie larunbatean. Hilaren 17an egingo dute publiko emaitza bai tabernetan, zein hedabideetan. Tabernarien elkarte horretako kide honako establezimenduak dira, mozorro lehiaketan epaile lana egingo dutenak aldi berean: Tolaita, Laia, Makutxo, Amazkar, Sorgin, Miren, Ganbara eta Kastro.
Arauak
Taldeko mozorro onenaren kasuan, taberna bakoitzak boto bat emango du eta mozorroen argazkiak aterako dira. Boto gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du saria. Irabazlea behin erabakita, talde edo koadrila horretako kideek “beste astebukaera batean parranda bat doan” izango dute irabazleek: afari bat eta pote bat taberna bakoitzean izango dituzte garaikur bezala. Gehienez 10 pertsonentzako da taldeko saria.
Banakako mozorro onenaren saria da Debako terma batean bi pertsonentzako zirkuitua, eta bazkaria.