'Zure Errenteria' iniziatibaren barruan 15.500 etxebizitzatan banatuko dituzte galdetegiak
Zure Errenteria kanpainaren barruan, Errenteriako EAJk iragarri du 15.500 eskuorri banatuko dituztela Errenteria-Oreretako beste hainbeste etxebizitzatan. Euren helburua hauteskunde programa osatzeko iradokizunak eta proposamenak jasotzea da. Gaur goizean egindako agerraldian Maite Peña alkategai jeltzaleak azaldu duenez, jasotzen ari diren ekarpenen fasean “beste aurrerapauso bat” izango da galdetegiena.
‘Zure Errenteria’ kanpainan beste pauso bat emango dute
“Asteak daramatzagu herriko kultura, kirol, gizarte eta ekonomia arloko eragileekin biltzen eta herritar asko gerturatu da Koldo Mitxelena plazako lokalera”, azaldu du Peñak, “eta pozik gaude horrekin”. Gaineratu duenez, “errenteriar guztiei” iritzia plazaratzeko aukera eman nahi diete, “gure proiektuaren parte izan daitezen, eta guztion artean zer nolako Errenteria eraiki nahi dugun erabaki dezagun”.
Gai zehatzak
Etxez etxe gaurtik aurrera banatuko duten galdetegian hainbat gairi buruzko iritzia emateko aukera izango dute herritarrek: auzoak, ekonomia, hondakinak, trafikoa, gazteen aisia eta abar. Eskuorriarekin batera banatuko duten gutun azala frankeatua dago jada, eta hori sartu beharko da postontzian. “Anonimotasuna” bermatu nahi dute horrela. Gainera, datozen asteetan auzoetara iristeko asmoa dutela jakinarazi dute.