Larunbatean da manifesatzioa, Donostian; euskararen aldeko urratsak egiten jarraituko duela berretsi du udalak
UEMAk 1999tik ud bulegoa Oiartzunen. Irudian, UEMAko kideak eta Irati Etxebeste Euskara zinegotzia
“Udalaren eskuduntzetan eta jardunean etengabe Carlos Urkijok egiten dituen esku hartzeak” salatzeko, hilaren 28an (larunbata) Donostian egingo den manifestaziora joateko eskatu du Oiartzungo Udalak.
Oztopo guztien gainetik, euskaraz biziko gara izenburupean egingo dute mobilizazioa: “Oiartzuarrak Oiartzunen euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula ozen aldarrikatzera animatu nahi ditugu”.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Kontseiluak egin dut deialdia. Udalaren arabera, Espainiako Gobernuan EAEn duen ordezkariak “etengabe jo puntuan” jarri du “udalerri euskaldunen euskara politika aurrerakoia, behin eta berriz eramanez euskararen ofizialtasunean eta sustapenean egindako ahalegin guztiak”.
Egun, hamar udalerriren kontra du zabalik Urkijok auzibidea, udal aktak euskaraz bidaltzeagatik; horietako bat da Oiartzun. “Orain arte, kontratazioak eta aktak euskaraz idaztearen kontra egin du, baina euskararen inguruan hartutako edozein erabaki izan daiteke udala auzitegietara eramateko aitzakia”, esan du Oiartzungo Udalak.
Udal akten gaia epaitegietan dago jada. Oiartzun eta beste bederatzi herri auzipetu ditu horren harira Urkijok: Aduna, Antzuola, Arama, Bergara, Gaintza, Oñati, Usurbil, Zarautz eta Zerain dira beste herriak. “UEMAko kide garen herriok aurrera egingo dugu bide judizialean, guztiok batera, UEMAren babesarekin. Gainera, Eusko Jaularitzak gure aldeko txostena idatzi du, esanez legezkoa dela aktak euskara hutsez bidaltzea”.