Langabezian denbora luze eman duten zortzi emakume lezoarrekin abiatu dute egitasmoa
Kokatu egitasmoa aurkeztu dute
Langabezian denbora luze daramaten emakumeak gizartean eta lan munduan txertatzeko egitasmo berritzailea abiatu dute Lezoko Udalak eta Oarsoaldea Garapen agentziak elkarlanean, Gipuzkoako Foru aldundiaren laguntzarekin. Abenduan abiatu zuten Kokatu Egitasmoa, eta gaur gloizean aurkeztu dute Lezoko Udalean.
Lezoko emakumeei begira sortu dute Kokatu, eta bi hilabete beranduago baikor azaldu dira egitasmoaren sustatzaileak. “Ilusio handiarekin ari gara egitasmoan”, esan du Zabalok. Urte asko direla udala eta garapen agentzia elkarlanean ari direla nabarmendu du Zabalok eta hausnarketa baten beharra somatu zutela: “Kontratazio publikoak egiten direnean, emakumeek gizonek baino aukera gutxiago izaten dituztela normalean jabetu ginen. Halako kontratzioek gainera, hasiera eta amaiera izaten dute. Enpresa pribatuekin ari dira orain Kokatu Egitasmoaren barruan eta honek aukera ematen die lan harremana luzatzeko, langilearekin gustura ari badira eta lantegiak beharrak baldin baditu luzatzeko aukera dago”.
Egoera irauli eta berdintasunaren alde udalak egiten duen apustua sendotu nahi zutela gaineratu du Zabalok.
Zortzi emakume lanean
Gizarte zerbitzuetako langileek zortzi emakume aukeratu zituzten eta bertako teknikariek zein garapen agentziakoek bakoitzaren diagnosia egin zutela esan du Patxi Arrazola Oarsoaldeko enplegu zuzendariak: “Beraien ezaugarriak kontuan hartuta, beraien neurriko lanpostua aurkitzea izan da helburua”. Oarsoaldeko lantegiak lan munduan txertatzeko prozesuan protagonistak bihurtu zituzten ondoren, “argi dugu, enpresak partaide izan behar dutela behar gehien dituzten pertsonen txertatze prozesuan”.
Kokatu Egitasmoaren barruan, une honetan Lezoko zortzi emakume ari dira lanaldi osoko kontratu batekin oarsoaldeko sei enpresetan lanean. Horren truke, laguntzak jaso dituzte enpresa horiek. Izan ere Lezoko Udalak 10.000 euroko diru zatiarekin lagundu du egitasmoa kontratatutako emakume bakoitzeko, 80.000 euro guztira.
Gainontzeko udalerrietan
Lezo izan da aitzindaria egitasmo berritzailearekin, “bidea zabaldu duena” Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzailearen hitzetan. Baina bidea ez du bakarrik egingo. Izan ere, Oarsoaldeko gainontzeko udalerriek bat egin dute Kokatu Egitasmoarekin. Urte honetan zehar langabezia egoeran epe luzea daramaten Errenteria-Orereta, Oiartzun eta Pasaiako 28 emakume laneratzea ekarriko du erabaki horrek. Lezoko emakumeen kasuan bezala, sei hilabetez lanaldi osoko kontratua izango dute beste udalerrietako emakumeek ere.
Egitasmoaren sustatzaileak pozik, eta baita bertan parte hartzen ari den Izaskun Morante ere. Bi urte zeramatzan langabezia egoeran eta OiartzungoLimpedur garbiketa eta mantenu enpresan ari da orain. Bertako ordezkari Frank Galartzak ere egitasmoaren gaineko balorazio baikorra egin du.