Errenteria-Oreretako Don Bosco Lanbide Hezkuntzako ikastetxea sartuta dagoen Gutenberg3D proiektuak puntuazio onena eskuratu du Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak antolatutako berrikuntza proiektuen programa batean. Espainiako Estatuko beste hamar ikastetxerekin batera osatzen du taldea. 3D motako inpresioa da proiektuaren ardatza.
Luis Carrasco ikastetxeko zuzendariordeak gogorarazi duenez, orain dela hiru urte antzeko beste proiektu batean hartu zuten parte, zazpi arlo jorratzen zituenak, ikastetxe berberekin. “Hasiera ona izan zen”, esan du Carrascok, “eta hura bukatu zen. Emaitza onak izan zituen, ekonomikoak zein jakintzakoak”. 2015erako beste deialdi bat egin dute, “hertsiagoa”. Don Boscoko zuzendariordeak adierazi duenez, 53 proiektu onartu dituzte aurten, eta puntuazio onena Don Boscok parte hartzen duen Gutenberg3Dk lortu du.
Ander Zelaia, Carlos Lizarbe eta Luis Carrasco, 3D inprimagailuen gelan
111 irakaslek —bost Don Boscokoak— hartzen dute parte Gutenberg3Dn, eta 989 ikaslek —30 Errenteria-Oreretan—. 150.000 euroko diru laguntza jaso dute, 11 ikastetxeen artean partekatzeko.
3D inprimagailuak sustatu
Proiektuaren Don Boscoko adarraren arduraduna da Carlos Lizarbe, eta ildo estrategikoak zeintzuk azaldu du. Lehenik eta behin, 3D inprimagailuen erabilpena du ardatz. Horrez gain, ikasleek Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzen ikasi behar dute, eta, azkenik, ikastetxeen arteko lan sarea egin behar dute.
Hainbat jarduera egingo dituzte proiektuan. Bederatzi dira:
- Prusa erako 3D inprimagailuak erabiltzen ikastea, Interneten dagoen informazioa baliatuz.
- Makinak sareko lainora igotzeko ardura izango du beste ikasle talde batek. Ehunka kilometroko distantziara dagoen ikastetxekoek kontrolatzea ahalbidetuko du.
- Beste talde batek drone-ak inprimituko ditu.
- Laugarren talde bat automozioko atalarekin elkarlanean ariko da, Shell-Eco Marathon parte hartzeko. Ibilgailuen errendimendua hobetzeko pieza elektronikoak sortuko dituzte, baita karrozeriako piezak inprimatu ere.
- enablingthefuture.org egitasmoan hartuko dute parte. Proiektu hori boluntarioa da, eta esku protesiak inprimatzen dituzte. Don Boscon Mexikoko eremu pobrera bidaliko dituzten bi esku ari dira sortzen.
- Ikasleen mugikortasuna sustatuko dute. Horrela, martxoaren 18 eta 19an Oloten (Girona, Herrialde Katalanak) egingo den Robolot lehiaketan hartuko dute parte, baita maiatzaren 7 eta 8an Malagan (Andaluzia) egingo den Malakaboten ere. Don Boscok maiatzaren 23rako DB-Sariak antolatu du.
- Irakasleak batzar espezializatuetara joango dira. Maiatzaren 12 eta 13an Madrilen —3D Prinshow— eta hil horren 22an Zamalbideko Tknika bisitatuko dute.
- Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiliko dituzte elkarlanean aritzeko.
- Egiten dituzten jarduera eta proiektu guztien berri emango dute blog batean.