Urratsez urrats ikus daitezke eraikuntza lanak, era grafikoan; galeoia eraiki bitartean, elkarlanaren sarea etengabe hedatzen ari da.
Nagusiki argazkiak erabilita, baina baita bestelako euskarriren bidez ere, testuak, planoak, eta marrazkiak kasu,
San Juan galeoiaren eraikuntza prozesuan
Internet bidez jarraitzeko aukera abiarazi du Albaolak. Orain arte egin dituzten urrats guztien bilduma zintzilikatu dute jada, eta aurrerantzean eraiki ahala joango dira gehitzen materiala.
Bien bitartean, Albaolaren Itsas Kultur Faktorian jarduera paraleloek ez dute etenik. Astelehenean, esaterako, Comenius europar elkartruke-proiektua garatzen ari den 35 laguneko nazioarteko talde baten bisita jaso zuten. Izan ere, Beasain Institutuak, argazkigintza bidez lotu baitu Albaola Europarekin.
Argazkigintzaren bidez europar kultur errealitate ezberdinen berri eman nahi duen
Capture the World in a Photo proiektuan parte hartzen ari dira ikasle beasaindarrak, hainbat herrialdetako bigarren hezkuntzako beste bost ikastetxerekin batera. Oraingoan, Beasaingo institutuari egokitu zaio egitaraua proposatzea, eta atzerritik heldu direnei, besteak beste, Pasaia eta berari lotutako itsas kultura erakutsi diete, horretarako
San Juan galeoiaren eraikuntza lanak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiz.
Ikasleek argazki-rallya izan zuten ontziolan bertan, eta Albaolako faktoriak gerora Comenius proiektuaren barruan lehiatzeko erabiliko dituzten argazkiak egiteko aukera paregabea eskaini zien.
Jerome Canning, Pasaian
Elkarlanaren sarea ere hedatzen doa faktoriaren inguruan. Ternuako eta Labradorreko itsas museoa gertutik jarraitzen ari da
San Juan baleontziaren eraikuntza eta hori dela eta itsas museoko ontzigile Jerome Canning Albaola Itsas Kultur Faktoriara etorri da, egitasmoaren xehetasunak ezagutzeko asmoz. Albaolako arduradunek jakinarazi dutenez, hilabete emango du bertan, besteak beste
Wooden Boat Museum of Newfounland and Labrador eta Albaolaren arteko elkarlanerako aukerak aztertzen.